Maider Egigurenen atxiloketa dela eta udalak eskubide konstituzionalak errespetatzeko eskatu du

Uztarria.eus 2003ko aza. 21a, 17:11
Aurreko egunetan herrian izan den indar militarren presentzia salatzeko beste agiri bat ere onartu da.

Ostegun goizean herrian gertatutako atxiloketa dela eta, gaur eguerdian Azpeitiko udalbatzak EAJ-EAko zinegotzien onespenarekin bi agiri onartu ditu. Bi agiriak EAk aurkeztu ditu udalbatza berezira. Bestalde, Habeak ere agiri bat aurkeztu du, baina hau ez da onartu. Udalbatza berezian, EAJ-EA eta Habeakoak izan dira. PSOEko eta PPko ordezkariak ez dira aurkeztu.

Hona hemen, onartutako bi agiriak:

"Audientzia Nazionalaren eskutik, azpeitiarra den Maider Egiguren gaztearen atxiloketaren aurrean Azpeitiko Udalak honako hau adierazi nahi du:

Azpeitiko Udalaren izenean dei egiten zaio, Audientzi Nazionaleko dagokion organo judizialari, Maider Egigurenen eskubide konstituzionalak errespetatuak izan daitezen, bere espetxeratze prozesuan. Modu berezi batetan giza eskubideen errespetuari dagokionean, bere errugabetasun presuntzioa eta pertsona bezala zor zaion duintasuneko tratamendua, gainontzeko berme prozesal eta penal guztiekin batera.

Zentzu honetan, pertsona oroen giza eskubideei zor zaien errespetu hertsitik, lege antiterroristaren errebisioa eskatzen da, giza eskubide hauek bortxatu ditzazkeen neurrian”.

Habea plataformak ere agiri bat irakurri eta aurkeztu du gaurko udalbatzan, baina agiri hori ez da onartu. Hemen duzue agiria rtf formatoan

Bestalde, Udalbatza egin aurretik ordu erdiko elkarretaratzea egin dute herriko ehun bat ikaslek Egigurenen atxiloketa salatzeko. Udalbatza hastean amaitu dute elkarretaratzea eta bertan zeuden ikasleak udalbatzara igo dira.

Indar militarren aurkako agiria

Ezohiko udalbatza honetan ere, indar militarren presentzia salatzeko agiria ere onartu da. Agiria EAk aurkeztu du, eta EAJ-EA eta Habearen onespena izan du. Hona hemen agiria:

“Azken boladan, Azpeitian eta Euskal Herriko hainbat herritan, Espainiako indar militarrak erakutsi duten jokabidearen aurrean Azpeitiko udalak honako hau adierazi nahi du.

1-) Aro politika berria zabalduko duen eztabaida politikoaren kontrako erasotzat hartzen dugu indar militarrek erakutsi duten jarrera probokatzailea. Armen bidezko indar erakusketa lotsagarriak, euskaldunengan beldurra eta izua sortzeko helburua duten jarrera hauek gogor gaitzesten ditugu.

2-) Herri bat gara eta geure etorkizuna erabakitzeko eskubidea dugu. Eztabaida politikoa ahal den giro eta zirkunstantzi politiko normalenetan egin nahi dugu, horregatik askatasuna murriztea, eta etorkizun beltza iragartzera datozenak sobran daude.

Beraz, espainiar ejertzitoak eta Guardia Zibilak utz gaitzala bakean, Alde hemendik!”