Eneko Etxeberria: "Segituan esan diot Del Olmori deliturik ez dagoela"

Uztarria.eus 2003ko urr. 21a, 14:10
Eneko Etxeberria abokatu azpeitiarra izan da atxilotuen artetik kalera irteten lehena; eguerdiko hamabiak aldera atera dute kalera, eta Uztarriak ordu laurdenera hitz egin du harekin, telefonoz. Urduri zegoen artean, baina kontzientzia garbi, beti bezala: "Segituan esan diot Del Olmori deliturik ez dagoela".
Atzo gaueko bederatziak aldera atxilotu zuen, Madrilen, Juan del Olmo, Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak Eneko Etxeberria, Egunkaria SAko abokatu azpeitiarra, Egunkaria SAren enpresa egituraren eta Buruntzape SL Martin Ugalde Kultur Parkeko enpresa kudeatzailearen kontrako operazioaren barruan. "Epaitegiko gela batean nengoen, behean, zain, eta ordurako oso nekatuta, jada gaueko bederatziak zirelako. Del Olmo etorri zitzaidan, bere gelara igotzeko esan eta hark: 'Proba dokumentalak daude, deklarazioetan egindako zure kontrako akusazioak ere bai, eta atxilotuta zaude eta inkomunikatuta', esan zidan", adierazi dio Eneko Etxeberriak Uztarriari, aske irten eta ordu laurdenera, telefonoz.

Goizeko 11:30ak aldera jakin da bederatzi atxilotuak libre utziko dituztela —haietako bost fidantzapean— eta eguerdiko hamabiak aldera utzi dute libre Etxeberria; bera lehenena. "Urduri" zegoen artean. "Atzo ere hala jarri nintzen Del Olmok hori esan zidanean. Tentsio jaitsiera izan nuen. Epaitegiko ziegetara jaitsi ninduten eta hantxe pasatu dut gaua, gaur goiza arte".

Berak ere ez daki zer ordutan hasi den gaur deklaratzen —"zortziak edo bederatziak aldera", eta "pare bat ordu" egin ditu epailearen aurrean. "Segituan esan diot ez dagoela deliturik. Eta, era berean, esan diot ni ez naizela ETAkoa, ni Egunkaria SAko abokatua nintzela, eta niri inor ez zitzaidala inoiz etorri ETAko dela esanez eta zerbait aginduz".

Uztarriak Eneko Etxeberriarekin hitz egin duenean, Martxelo Otamendi 'Berria'-ko zuzendariarekin batera zegoen, eta etxera deitzekoa zen. Ez zekien gaur noiz itzuliko diren.