Habeak herritarrei aurkeztu die '2004 urterako udal zerga, tasa eta zerga publikoei buruzko proposamena'

Uztarria.eus 2003ko urr. 3a, 19:10
"Herritar guztiei zabalik" izango den prozesu bat prestatzen ari direla jakinarazi dute

Udalbatzar aretoan osoko bilkura egiten ari ziren bitartean, prentsaurrekoa eman zuen Habeak udaletxe azpian. "Herritarrei zor diegun konpromezua aintzakotzat hartuta" beraien proposamenak "zuzenean herritarrei" helaraztea xede hartuta.

"Udala herritarrengandik erabat urrundu da" Habearen ustez, baina, "ez dute lortu gure lana oztopatzea, ezta herritik sortutako proiektu eta ekimenak zapuztea ere. Alderantziz, herriko sareen indartzea ekarri du", diote.

Prozesu irekia

Udalaren "bazterkeria" salatu eta "neurriko erantzuna" eman behar zaiola uste dute. Horregatik, "herritar guztiei zabalik izango den prozesu baten prestaketan" ari direla esan dute. "Azpeitiarrek hitza eta erabakia berreskuratuz, arloz arlo, euskaran, etxebizitzan, kulturan, hirigintzan eta beste hainbat alorretan ikusten diren lehentasunak detektatu eta eragiteko prozesu bat". Prozesu horren berri, epe motzean publiko egingo dutela esan dute. Prozesua herritar guztiei zabalik egongo dela, eta deiak naiz ondorioak publikoak izango direla jakinarazi dute.

Bien bitartean, udalbatzar aretoan, urteko udal zerga, tasa eta prezio publikoez aritu ziren. Habeak ere gaiaren inguruan proposamena egin zien herritarrei.

Hona hemen Habearen proposamena hitzez hitz:

"2004. URTERAKO UDAL ZERGA, TASA ETA PREZIO PUBLIKOEI BURUZKO PROPOSAMENA

Udaletxea herritarrei ahalik eta zerbitzurik egokienak eskaini behar dizkion erakunde publikoa dela abiapuntutzat harturik, eta ez, inola ere, urtearen bukaeran irabaziak ateratzea helburu duen enpresa, eta gai hau politika soziala egiteko aukera egoki bat izan behar lukeela kontuan hartuta, orokorrean gure proposamenak oinarri hauek ditu:

  • Gure herriko zerga eta tasen aplikazio indizea, neurri berdintsuko herrien (10.000 eta 20.000 biztanle arteko herriak) bataz besteko indizearen gainetik baldin badago HABEA taldeak izoztea proposatzen du, alegia, dauden daudenean mantentzea.
  • Indize hori bataz bestekotik behera baldin badago, berriz HABEA taldeak, gehienez ere, KPI edo IPC delakoan igotzea (% 3 aplikatzea proposatzen dugu azpeitian, igoera interanuala kontuan izanik).
  • Pobrezia edo ongizate ezean aurkitzen denarentzat zerga salbuespena (ez zergarik eta ez tasarik ordaintzea) proposatzen dugu edo maila horretatik gertu dagoenarentzat hobariak edo bonifikazioak ematea.

Hau kontuan izanda, IBI (kontribuzioa), IAE (Aktibitate ekonomikoen zerga), IV (kotxeko zerga), ICIO (eraikuntza, instalakuntza eta obren zerga) eta zaborren Azpeitiko indizeak bataz bestekotik gora daudela kontutan izanda, HABEAk zerga hauen IZOZTEA proposatzen du.

  • Prezio publikoei dagokienez (kirol instalakuntzak, gizartekintzako zerbitzuak, eguneko zentroa, etabar) % 3 ko igoera proposatzen dugu. Berdin estolderia tasarekin.

Honetaz gain, HABEA taldeak, baditu proposamen zehatzak uraren inguruan:

  • Ura erabilpen mugatuko altxor bat dugu eta gero eta arazo larriagoa bihurtzen ari dena. Uraren kontsumoan eragin beharrean, proiektu txikitzaileak planteatzen ari dira, non uraren gero eta kontsumo handiagoa bultzatzen den. Horregatik, uste dugu uraren tasa modu egokia dela bestelako politika bat bideratzeko. Honatx gure proposamenak:
  • Gutxieneko kontsumo neurria, 30 m3takoa, ezabatzea proposatzen dugu. (Azpeitiko etxeen %50 inguruk, etxe hutsak sartuta, ez du gastatzen 30 m3.
  • Ur industrialari buruz hiru tarifa egon beharrean sei tarifa jartzea. Hiru tarifa hauek muga oso zabalak hartzen baidituzte.
  • Uraren igoerari dagokionez, KPI (%3)ko igoera proposatzen dugu.

PNV-EAk berriz, uraren igoera %6koa planteatu du, zaborrena %12 eta estolderia %10. Kirol patronatoko tarifak %6a igotzea planteatu dute. Gainontzeko tasa eta prezioak % 3ko igoera.Guk, gure proposamenak ogasun batzordean proposatu genituen eta PNV-EAk guztiak atzera bota zituzten, lehengo politika atzerakoiari jarraipena eman asmo diotela erakutsiz".