'Berria'-ri laguntzeko Azpeitian bildu beharreko diru kopurua betetzeko 7.943 euro falta dira

Uztarria 2003ko ira. 16a, 20:09

Euskal Herrian 5.000.000 euro biltzeko helburua jarri zen Berria euskarazko kazeta sortu eta abiatu ahal izateko. 'Egunkaria'-ren Aldeko Azpeitiko Batzordeak diru horretatik 59.193 euro biltzeko ahalegina egingo zuen konpromisoa hartu zuen, eta jada 51.250 euro bildu dira; horrenbestez, 7.943 euro falta dira helburua betetzeko.

Egunkaria-ren Aldeko Azpeitiko Batzordeko kideak pozik daude kanpainan orain harte bildutako kopuruarekin, baina falta diren 8.000 euroak (%13,5) biltzeko "herritarren laguntza" behar dutela diote. Beraiek ahaleginetan jarraituko duten arren, azken euroak biltzeko "azpeitiarren parte hartzea ezinbestekoa" dela diote.

Dirua akzio moduan ari dira biltzen, eta 50 euroko eta 300 euroko akzioak ditu eskuragarri, nahi dituenak. Akzio horiek eskuratzeko hiru gune daude herrian: Luba aholkularitza, Enparan kalean; Urbistondo Margoak, Salbe 35ean; eta Uztarrian. Uztarriara telefonoz deituta ere egin zintezke akziodun: hona telefonoa: 943 150358.

Udalak laguntza emanez gero, helburua aski beteta

Azpeitiko Udalari ere egin zitzaion Berria-ren proiektuan laguntzeko eskaera. Euskal Herriko udal guztietan bezala, herriko biztanleko euro bat emanez parte hartzeko eskatu zitzaion gure herrikoari; beraz, guztira 13.500 euroko laguntza eskatu zaio. Baina oraindik ez du erantzunik eman. Laguntza hori emango balu, Azpeitiko batzordeak helburua sobera beteko luke (hori gehituz oraingo kopuruari: 64.750 euro; 5.557 gehiago jada).

Kanpainak urte bukaera arte segituko du, eta Azpeitiko batzordeak harremanekin segitzen du. Bere hurrengo bilera, ostegun honetan egingo du (hilak 18), 20:00etan, Uztarriako egoitzan.

Bost miloi euroren %82,2 lortuta

Euskarazko Komunikazio Taldeak (EKT) Berria euskarazko egunkaria sortzeko Euskal Herrian, akzio moduan 5.000.000 euro biltzeko helburua jarri zuen. Kopuru horren %82,2 bildu du jada: 4.102.553 euro, hain zuzen ere. 25.886 akziodun ditu EKTk dagoeneko; horien artean 24.594 partikular, 243 talde, 344 elkarte eta 103 ikastetxe.