Bukatu da aurtengo Pourra

uztarria 2003ko uzt. 28a, 10:07

Bukatu da aurtengo Tourra. Eta, horrekin batera, baita gure POURRA ere. Lehen saria Jon Larrañagak eraman du; bigarren Iñaki Areizaga gelditu da; eta hirugarren, Iñaki Egibar, iazko garailea. Sari-banaketa, hilaren 30ean uztarriaren festetako txosnan izango da

Sailkapen osoa eta POURRAri buruzko informazio guztia ikusi dezakezu webgune honetan bertan

Iazko pourraren aldean, estua izan da aurtengo lehia. Lehen sailkatuen artean, oso puntu gutxitako aldea egon da. Eta sarietatik kanpo gelditu direnak ere, azken unera arte izan dituzte sariren bat irabazteko aukerak.

Baina, azkenean, XAXAU taldeak eramanan du lehen postua. Batez ere, txirrindulariak aukeratzeko ordenean besteak baino hobeto asmatu duelako. Jon Larrañaga da egilea, eta Amaia tabernan egin zuen apustua.

Bigarren, Etxe Zuri tabernan egindako EATA taldea sailkatu da, Iñaki Areizagak egina.

Eta hirugarren, berriz, iazko garailea gelditu da: IEA taldea egin duen Iñaki Egibar. Kasualitatea ote, bi urtetan sarietan sartzea?

Txirrindulariak

Txirrindulari bakoitzak jaso duen puntu kopurua ere ikusi daiteke webgunean. Hor ikusten da, adibidez, VINOKOUROV, ZUBELDIA, MAYO, HAMILTON, COOKE eta gainerako guztiek izan duten puntu kopurua. Aipatu ditugun hauek izan dira, batez ere, jende gutxik hartu zituen eta puntu asko eman dituzten txirrindulariak. Txirrindulari bakoitza zein taldek hartu zuen kontsultatzea ere posible da.

Apustu ideala zein izango litzatekeen ere erakusten dugu. Apustu idealak, 2300 puntu pasa izango zituzkeen; irabazlea, aldiz, ez da 1700era iritsi

Eztabaida

Pourra honetan parte hartu dutenen iritzia jasotze aldera, eztabaida txiki bat jarri dugu martxan. Nola hobetu genezakeen pourra, zer aldatu behar genukeen... Iritziak jaso nahi genituzke, ahalik eta jolasik politena antolatzeko datozen edizioetan.

Sari banaketa

Eta ohitura bihurtzen ari den bezala, sari banaketa San Inazio bezperan festetarako Uztarriak jarri duen txosnan izango da. Uztailaren 30ean, arratsaldeko 20:00etan.