Gogoetak Egunkari berriaren aurrean

Pako Aristi (idazlea) 2003ko eka. 5a, 16:06

Arraroa egiten zait egunkari bati buruz hitz egitea. Egunkaria normalean enpresa batek ateratzen du; egunkaria normalean zu lotan zaudelarik egiten dute, zuk goizean eroslekuan aurki dezazun; egunkaria, beraz, norbaitek aurrez lan egin duelako heltzen zaigu eskura euro baten truke.

Egunkaria egina dator; guk disfrutatu egiten dugu, erabili, bai lanerako bai denbora-pasarako, edo bazterrean uzten dugu eskasa baldin badator. Baina guk ez dugu aginterik, ez irizpiderik egunkaria egiteko orduan. Egunkaria helburu ideologiko, ekonomiko edo bien arteko nahasketaren arabera egindako produktu bat da, eta guregan bilatzen duen onespen bakarra erosle gisa eman diezaiokeguna da.

Hala ere, bere sormenean ezer erabakitzeko aukerarik eman ez digun egunkari horrekin harreman intimo batek lotzen gaitu, egunero haren beharra sorrerazten diguna, eta haretxena bakarrik. Bakoitzak ditu arrazoiak bere intimitatean egunkari hori erosteko: halakok idazten duelako asteartero, filmei egiten dizkieten kritika bereziak, eskelen ugaritasuna, goizeko ordu horretan egunkariak eskaintzen dion bakealdia, politika esplikatzeko duten modua, elkarrizketa berezi horiek...

Egunkari batek kontrajarriak diren bi indar menderatu behar ditu bere orrietan: batetik egitasmo enpresarialari erantzun, ildo ideologiko eta ekonomikoei erantzun, munduko eta gure gizarteko albiste handiak, hedabide guztiek jasotzen dituztenak jaso hark ere, baina orokortasun gris eta besteen antzekoan ito gabe, berezitasun intimoak eskaini irakurle bakoitzari. Identifikazioa sortu behar du irakurleengan, albisteak kontatzeko moduarekin, titulatzeko moduarekin, eskaintzen diren gogoetekin, kolaboratzaileen izenarekin eta estiloarekin, eta beste txikikeria askorekin. Irakurleak ulertu egin behar du bat-batean irakurri duena, gauzak kontatzeko haiek baino hitz egokiagorik ez dagoela sentitzeraino. Informazioarekin batera mirespena eragin behar zaio irakurleari, datuekin batera jakinduria pixka bat, gertaerekin batera emozioa ere haren bihotzean itsatsi. Egunkari bat bertako langileek antolatutako mundu bat da, eta irakurleak leku bat aurkitu behar du mundu horretan, leku atsegina, zirraragarria, egunero zerbait aberasgarria eskainiko dion mundua. Ikus-entzunezkoen ondoan hedabide isila da egunkaria, isilik barneratzen dena, lagunartean hitz egiteko gero eta gutxiago balio duena; gero eta gehiago telebistan ikusitakoaz mintzo gara, beraz, egunkarien zeregina mamia osatzea da, pisua eranstea arinkeriaz betetako ikuspegiari.

Arraroa egiten zait egunkari bati buruz hitz egitea enpresakoa banintz bezala, biharamunean zer irakurri nahi dudan bezperan erabakitzeko ahalmena baneuka bezala. Baina hori da euskarazko egunkari berriaren ezaugarrietako bat. Konplizitate literario eta afektiboa bilatu eta garatuko duen kazetari talde bikain bat dauka erredakzioan, baina enpresa horren osagarri, kapital ipintzaile, bere beharraren frogatzaile gu geu gara, jende asko. Ez da beste proiektu informatibo bat izango bere irakurleekin hain lotua hau baino, eta horren garrantziaz ez bagara mentalizatzen gure euskaldun izatearen historian, euskaldun izatearen esperientzian hutsegite handienetako bat gauzatuko dugu.

Nolabait ulertzeko, egunkari hau elkarte gastronomiko bat sortzea baino garrantzitsuagoa da. Horregatik harritu nau, baina modu txarrean, akzioa erosi dutenen orain arteko kopuru txikiak: mila eta hirurehun inguru. Ez nuke hain manifestazio ederrak antolatzen dituen euskal militantzia beti kritikatzen ibili nahi, baina nik esan gabe ere galdera airean dabil: non daude, zertan, egunkaria itxi berritan euskarazko egunkari baten falta aldarrikatzera Donostiara bildu ziren ehun mila lagun haiek? Egunkari hau Errealak liga irabaztea baino askoz garrantzitsuagoa da, baina nola esplikatu geure buruari Errealeko sozio gehiago egin dela Egunkariko akziodun baino? Bi hilabete barru mundu osoan barrena oporretara zabalduko diren milaka euskaldun jatorrek ezin al zioten urtebetez luxu horri uko egin eta dirua Egunkari berriarentzat eman?

Egunkari hau azterketa bat bihurtu da denontzat. Gure aldarrikapenen benetakotasuna agertuko duen azterketa; geure buruaren koherentzia (edo koherentzia eza) agerian utziko duen azterketa; manifetako gure oihuak gero eguneroko bizitzara ekartzeko daukagun ahalmenaren edo ezintasunaren neurria agertuko duen azterketa.

Euskal Herriak, gaur egun, ez dauka diru prolemarik. Gure bizi maila Europako altuenetakoa da. Egunotan ospatu diren milaka jaunartze horietako baten bazkariko dirua nahikoa da akzio sorta eder bat erosteko. Baina izango al dugu gure sinesmen politikoak, sozialak eta kulturalak aurrera ateratzeko ganorarik, azken uneak eskatzen duen indar kolperik? Egunkari berriak dauzka erantzun guztiak. Ez da izango beste egunkari bat munduan gizarte baten irudia hobeto isladatuko duenik, hau baino. Etorkizuna guri begira jarri zaigu, gure jokabidea aztertzen. Une erabakiorrean gaude erabat. Funtsezko gauzak arinkerietatik bereizten ikasteko ordua iritsi zaigu.

Egunero