Demokrazia, justizia, autodeterminazioa

ELA, LAB, EHNE eta HIRU 2003ko api. 30a, 14:04

Maiatzaren Lehena datorren guztietan langile nortasuna eta klase kontzientzia berresteko aukera izaten dugu. Izatez, sistemaren defendatzaileek behin eta berriz esaten dute klaseak iraganeko kontuak direla, berdintasun eta aukeren munduan bizi garela, baina argi dago dirua eta boterea daukatenak eta menpeko lanpostu prekario eta askotan gutxi ordainduetan kateaturik gaudenen arteko banaketa nabarmena dela. Are gehiago, globalizazio neoliberalaren babespean klase kapitalistak etengabean jarraitzen du aberastasuna metatzen, eta lanak ematen dituen errenten eta kapitalaren eta enpresen errenten arteko distantzia gero eta handiagoa da.

Langileriak egoera honi aurre egin behar dio eta egin egiten dio borroka anitzen bidez. Batzuetan erasoei erantzuteko: erreforma antisozialei - ekainaren 19ko greba orokorra kasu -, politika sektorial neoliberalei - garraioen liberalizazioari eta nekazaritza politikei adibidez - edo enpresaburuek enpresak ixtea eta langileak kaleratzea erabakitzen dutenean. Beste batzuetan, lan baldintzak hobetzea dute helburu, gaur egun hainbat enpresa eta sektoretan hitzarmen kolektiboen negoziaketetan gertatzen ari den bezala, askotan, borroka latzak tartean direla. Patronalak urte asko eman ditu ondasunak metatzen eta ez dago prest aberastasun horren parte bat langileok izan dezagun, ez soldata handiagoetan, ez lanordu gutxiagotan ezta lan baldintza hobeagoetan ere. Aldarrikapen hauek guztiak, borroka hauek guztiak daude Maiatzaren Lehenean islaturik eta eurak dira egun honi zentzua ematen diotenak.

Eta justizia sozialarekin batera, euskal langileriak demokrazia ere aldarrikatu egiten du. Historian zehar hainbat bider egin dugun bezala eta momentu honetan bertan munduko hainbeste lekutan langile mugimenduak egiten duen bezala. Hau sinatzen dugun sindikatuok zera salatzen dugu, askatasun eta eskubide demokratikoen galera izugarria suertatzen ari dela gaur egun, izan ere, aukera politikoak legez kanpo uztea eta gizartearen babes eta laguntza handia daukaten hautagai-zerrendak debekatzeko mehatxua atzerakada demokratiko itzela dugu. Eta, gainera, hau guztia berme juridikorik inondik ageri ez den prozesuen bitartez. Hau sinatzen dugun sindikatuok askatasun eta eskubide demokratikoen atzerakada larri honi aurre egitera deitzen dizuegu eta, horrekin batera, aniztasunaren eta pertsona eta erakunde guztien parte hartze politikoaren eskubidearen alde egitera.

Azkenik, Irak edo Palestinar herriaren aurkako gerren kontra mobilizatu garen langileok oraindik ere esaten diogu ezetz gerrari eta oraindik ere gatazka politikoei irtenbide baketsua ematea aldarrikatzen dugu, bai Iraken edo Palestinan, bai Euskal Herrian. Ez dira armak, ezta potentzia politikoak edo botere ekonomikoa daukatenak herrien patua erabaki behar dutenak, bertako biztanleak baizik. Horretan datza Euskal Herriko langileriak, aurtengo Maiatzaren Lehenean ere, aldarrikatzen dugun autodeterminazio eskubidearen oinarri demokratikoa.