Azpeitiko IV. Erremonte Txapelketa bihar, apirilaren 25ean, hasiko da

Uztarria.eus 2003ko api. 24a, 12:04
Azpeitiko IV. Erremonte Txapelketa

Atzo, apirilaren 23an, aurkeztu zen Azpeitiko IV. Erremonte Txapelketa Loiola Hotelean. Aurtengo edizioan 16 erremontelari arituko dira lehian, Azpeitiko erremontelari profesional guztiei jokatzeko aukera ematearren - herriko eskolako bederatzi lagunek hartuko dute parte txapelketan-, eta ondorioz kanporaketak zortzi egunetara luzatuko dira. Kanporaketak datorren ostiralean, apirilaren 25ean, hasiko dira eta ostilarero izango dira ekainaren 6a arte. Txapelketato finala, berriz, ekainaren 13an izango da.

Hotel Loiolako aurkezpen ekitaldian txapelketaren antolatzaileak eta pilotariak bildu ziren. Bertan ziren, Alejo Uranga, Azpeitiko Kirol Batzordeburua; Juan Antonio Ercilla eta Miguel Sestau, Galarretako gerente eta intendetea hurrenez hurren eta IƱaki Elortza, Euskadi Irratiko esataria aurkezle lanetan.

Aurkezpenean Azpeitiko IV. Erremonte Txapelketaren nondik norakoak azaldu ziren. Laugarren edizio honetan hamasei erremontelarik hartuko dute parte, eta hauetatik bederatzi Azpeitiko erremonte eskolakoak dira. Jokalariak bi taldetan banatu dira honela:

A taldean:

  • Bereziartua (Azpeitia) - Jon (Azpeitia)
  • Iribarren (Doneztebe) -Olazar (Doneztebe)
  • Uterga (Doneztebe)-Etxeberria II (Azpeitia)
  • Larrea-Gaztelu (Orotz-Betelu eta Leitzakoa)

B taldean:

  • Agirresarobe (Orio) - Urrutia (Saldias)
  • Odriozola (Azpeitia) - Badiola (Azpeitia)
  • Matxin III (Azpeitia) - Agirrezabala (Azpeitia)
  • Matxin IV (Azkoitia) - Urko (Azpeitia)

Estreineko partida ostiralean, apirilaren 25ean, jokatuko da, Izarritz pilotalekuan 22:30ean. Bereziartua-Jon eta Iribarren-Olazar bikoteak neurtuko dira lehen partidan eta Agirresarobe-Urrutia-Odriozola-Badiola bigarrengoan. Gainontzeko kanporaketak ostiralero izango dira: maiatzaren 2an, 9an, 16an, 23an eta 30ean eta ekainaren 6an, hain zuzen ere. Partida guztiak ordu berean izango dira, 22:30ean.

Txapelketako bikote irabazleek 600 euroko saria jasoko dute, eta bigarren sailkatuek, berriz, 300 eurokoa. Sari berri bat ere izango da aurtengo edizioan, txapelketako erremontari onenak jasoko du sari hau, eta Lapelotavasca.com webguneak emango du.

Txapelketaren etorkizuna

Azpeitiko Udaleko Kirol Batzordeak 2000 urtean ekin zion "Azpeitia erremontearekin" lemapean erremontea bultzatu asmoz profesional hasiberriei zuzendutako txapelketa antolatzeari. Bukatzear den legegintzaldian sortutako txapelketa izan da beraz. Baina udal hauteskundeak direla eta, izango den udal arduradunen aldaketak txapelketan eraginik ez duela izango eta txapelketak hurrengo urteetan ere jarraipena izango duela adierazi zuen Alejo Urangak, Udal Kirol Batzordeburuak: "datorren udaleko arduradunak erremonteak Azpeitian bere lekua eginda duela -erremonte eskola, 11 pilotari ...- ikusi eta erremontea eta Azpeitiko Udalaren arteko ezkontzak jarraitu egingo du". Juan Mari Ercilla, Galarretako Gerenteak ere orainarteko bideari eusteko asmoa azaldu zuen: "guk lehengoan jarraituko dugu. Pozgarria da gero eta mahai handiagoa osatzea aurkezpen ekitaldian. Erremonteko kutsua gero eta handiago da Azpeitian, eta gu saiatuko gara udal berria ere orainartean bezala inplikatzen".

Txapelketan orainartean hamabi pilotarik hartu izan dute parte, eta bikote hauek izan dira txapelketan garaile urtez-urte: 2000an Zeberio III - Sestau III; 2001ean, Zalakain - Badiola bikotea eta iaz, Matxin III.a eta Etxeberria II.a.