PP aurkeztuko da Azpeitian eta EB ez; PSErena igandean jakingo da

Uztarria.eus 2003ko api. 10a, 15:04

Maiatzaren 25ko udal hauteskundeetarako zerrendak ezagutzera eramaten ari dira egunotan alderdi eta plataformak. Dagoeneko hautes-zerrenda bat erabaki eta ezagun egin da: EAJ-EA koalizioarena. Beste batzuk aurkezteko erabakia hartuta dute: Habea eta PP. PSOE aurkeztuko den edo ez ezin izan du jakin Uztarriak. Aralar eta Ezker Batua, berriz, ez dira aurkeztuko Azpeitian.

Joan den astean hautatu zuen Azpeitiko udalerako hautes-zerrenda Azpeitiko Eusko Alkartasunak. Aste honetan bertan erabaki du Azpeitiko EAJ alderdiak bere zerrenda. Ondorioz, EAJ-EA koalizioaren hautes zerrenda erabakita gelditu da.

Habea, ezkertiar eta abertzaleen bilguneak oraindik ez du ezagutzera eraman bere hautes zerrenda, nahiz eta udal hauteskundeetara aurkezteko erabakia hartuta duen. Uztarriak jakin duenez, datorren asteartean egingo du herri batzarra eta bertan erabakiko da hautes-zerrenda.

PP-k ere Azpeitiko udalerako hauteskundeetan parte hartuko du. Oraindik ez dute jakinarazi hautes-zerrenda. Eta Uztarriari adierazi diotenez, "herri guztietan" aurkeztuko dira. Apirilaren 16an bukatzen da legez hautes-zerrendak aurkezteko epea eta ordurako herri guztietan jakinaraziko ditu PPk.

PSOE-rekin ere jarri da harremanetan Uztarria. Baina "segurtasun neurriak" tarteko, ez du aurkezteko asmoaren berririk eman. Dena den, datorren igandean "jakinaraziko" duela esan dio Uztarriari.

Ez dira aurkeztuko

Aralar eta Ezker Batua ez dira aurkeztuko Azpeitiko udalerako hauteskundeetan. Aralar, zerrenda osatzeko dituen arazoengatik ez da aurkeztuko. Ezker Batuak ez du azaldu zergatik ez den aurkeztuko.