"Aurrekontu hauek ez dira kontinuistak, atzerakoiak baizik"

Uztarria.eus 2003ko api. 7a, 19:04
Martxoan herrian zabalduriko txostenaren inguruan argibideak

Joan den ostiralean, apirilaren 4ean, Azpeitiko Sozialista Abertzaleak udal taldeak 2003ko aurrekontuen balorazioa eta Azpeitiko udalak triptiko bidez azaldu berri dituen Etxebizitza Sustatzeko Udal Plana eta Loiola-Azpeitia Gizarte baliabideen Zentroa proiektuaren inguruan jardun zen prentsaurrekoan Aitonenan. Miren Odriozola, Jose Luis Otamendi, Aitor Unanue eta Mikel Astigarraga ASAko udal taldea osatzen duten zinegotziek eman zuten prentsurrekoa.

ASA udal taldeak lehenik eta behin 2003. urteko aurrekontuak onartzeko prozesua "trakets" burutu dela salatu zuten: "Ogasun batzordean aurkeztu ziguten zirriborroa, eta bestelako eztabaida eta gogoetarako tarterik gabe zuzenean plenora eraman dituzte. Gainera udalbatzan ez dira sailez sail aurkeztu, baizik eta aurrekontuak bere osoan onartzeko edo errefusatzeko jarri dira mahai gainean". Aurrekontu hauek "kontinuistak" ez, baizik eta "atzerakoiak" direla ere azpimarratu zuten: "aurrekontuetan urtean urtean antzematen ari garen akatsak zuzendu beharrean areagotu besterik ez dira egiten".

Udaleko 2003. urteko aurrekontu bateratua 20.214 milioi eurotakoa da (3.363 milioi pezeta pasa). Iazkoa baino 500.000 euro gutxiago. Aurrekontu propioa berriz 15.892 milioi euro (joan den urtean baino milioi bat euro pasa gutxiago). ASAko udal taldeak "xehetasunez" komentatzea merezi duten gorabeherak badirela jakinarazi zuten. Hauexek:

  • Gazteria sailak 601 euro (100 mila pezeta) soilik gastatuko ditu transferentzia arruntetan (dirulaguntzetan).
  • Basazabal berritzeko iaz 50 milioi pezeta onartu ziren. Diru hori ukitu ere ez zen egin eta aurtengo aurrekontuan ere sartu dute diru hori azken orduan. Diru hori aurten erabiltzen ez bada egitasmo honetarako behin betiko galdu egingo da. Eta dagoeneko ez dakigu zenbagarren urtea den kultur etxeko partida hazitarako uzten dena. Iazko urtean kultur taldeak zoratu egin zituen, zeruak eta lurrak agindu zizkien, lokal berriak izango zituztela, arautegi bat adostu behar zela, hau eta bestea, eta uda ondoren, emandako hitza batere lotsarik gabe jan eta harrez gero ezer egin gabe jarraitzen du udalak dexenteko arduragabekeria erakutsiz.
  • Alde Zaharrerako 300.505 euro (50 milio pezeta inguru) jarri dira, bai aurtengo, eta bai datozen bi urteetarako. Hasiko al dira zerbait egiten Alde Zaharra zaharberritzeko? Ez gara txaloka haste azkenak izango.
  • Komunikabideei 30.000 euro inguru agindu zaizkie (5 milioi pezeta), eta hortik jan beharko dute gutxienez Kaito Telebista-k eta Uztarriaren komunikazio proiektuak (4,4 milio pezeta ditu eskatuta).
  • Azpeitian zer? Aldizkariarentzat 65.000 euro (11 milioi pezeta) erabaki dira.
  • Notariako eta gastu judizialetan 156.284 euro esleitu dira (26 milioi pezeta), eta alkatetzako argitalpenetan beste 72.100 euro (12 milioi pezeta) joan daitezke.
  • Zezen plazaren mendeurrenaren ospakizunetarako 98162 euro (16 milio pezeta) erabaki dira.
  • Festetako programetan 24.024 euro (4 milioi).
  • Kultura batzordeak 48.081 euro (8 milioi) dauzka kultur taldeei laguntza eran emateko. Kopurua ez igotzeaz gainera irizpideak betikoak dira, hots, dagoena banatu guztien artean eta ez aurrena premiak ikusi eta gero erantzun.
  • EBPN handikiro ospatu zen Azpeitian 2001eko abenduaren 2an baina orduz geroztik ez da udalaren aldetik euskararen aldeko grina handirik sumatu. Euskara patronatuan Hizkuntza normalizatzeko ekintzei 48.080 euro (8 milioi pezeta) esleitzen zaizkio (zezen plazako ospakizunen erdia, Azpeitian zer?-i baino 18.000 euro gutxiago). Susmoa daukagu udalaren jarduera alor honetan euskalgintzari eta gizarte eragileen lanari galga jartzera mugatzen dela askotan. Horren azken adibidea, ikastetxe pribatuen aldetik garatu nahi zen plana ikasle etorkinak euskalduntzeko bertan behera geratu da Euskara Patronatuaren iritziaren kontra, alkate jaunaren setakeria eta temagatik.
  • Liburuak eta auto publizitateko argitalpenetan gure udalak 100.000 eurotik gora gastatzen dituen bitartean liburutegiari 13.752 euro (2 milioi pezeta pasa) besterik ez zaizkio esleitu.

ASA udal taldeak, "udal gobernua eskuindarra" dela eta "diruaren morrontzari behin eta berriz makurtzen" zaiola adierazi zuen, eta udalak "gestio pertsonalistegia" izan badu ere "behar izan dituen lagunak inoiz ez zaizkiola falta izan alkateari" gaineratu zuten. Azkenik "gero hurbilak Azpeitiari horren beharrezkoa duen aldaketa ekarriko diolako itxaronena" dutela ere azaldu zuten prentsaurrean.

Etxebizitza Sustatzeko Udal Plana

Azken hilabeten herrian zabalduriko bi txostenen inguruan ere jardun zuten ASA udal taldekoek prentsaurrean. Hain zuzen ere, triptiko bidez udalak jakinarazi berri dituen 'Etxebizitza Sustatzeko Udal Plana'-z eta Loiola-Azpeitia Gizarte baliabideen Zentroa proiektuaz. Txosten hauen nondik norakoak ulertzeko udalaren etxebizitza politika, Azpeitia Lantzen, udal gobernuaren jarduera, eta zenbait adibide "beharrezko" direla azaldu zuten.

Azpeitian azkenengo hamar urtetan ez da babes ofizialeko etxerik egin naiz eta 17/94 legearen arabera (lurzoru hiritarrean eraiki beharreko etxebizitzen %20 eta urbanizagarrian eraiki beharreko 5 65 gutxienez babes ofizialekoa behar dute izan) jada babes ofizialeko 169 etxebizitza eraikiak egon behar lirateke. Izan ere Azpeitian epe horretan lurzoru urbanoan 689 etxe eta urbanizagarrian 47 etxe eraiki dira. Ez eraikitzearen arrazoia ASA udal taldearentzat babes ofizialeko etxebizitzen prezioetan datza: " babes ofizialeko etxeen prezioak eta kopuruak merkatuko etxe guztien prezioetan eragiten dute, eta hauen eraikitzea etxe saltzaile pribatu eta mailegu emaileei ez zaie komeni". Udalak etxebizitza politikan izandako bi adibide ere aipatu zituzten:

  • Harzubiko 43 HEA lursaila udalar birpartzelazioa burutu zenean eskuratu zuen. Eta babes ofizialeko etxeak eraikitzera bideratu beharreko lursaila zen 20/98 legearen arabera. Udal gobernuak lehenik Azpeitia Lantzeni pasa zion eta honek Muno S.A-ri permuta bidez. Eta azken honek bertan 8 etxe eraiki eta prezio librean saldu ditu.
  • Bigarren kasu aipagarria Etxe Beltz Izarra edo 20 HEAri dagokio. 98. urtean udal gobernuak urbanizagarri izatetik urbano izatera pasatzeko alfarrekako ahalegina egingo zuen. Ondorengo urteetan babes ofizialeko etxerik jasotzen ez duen plana onartuko zuten bi alderdiek, eta Foru Aldundira bidali. Honek atzera botako zuen ordea, hain zuzen etxeen %65ko portzentaiak babes ofizialekoa izan behar duelako.

Triptikoan eskaintzen diren etxeez adierazi zuten: "garbi utzi behar da ez direla babes ofizialekoak eta prezio librean saldu daitezkeela eta babes ofizialekoen beste baldintzarik ere ez dutela beteko. Ezartzen diren betebeharreko baldintzek, erosteko aukera beharrik gehien dutenengana mugatu beharrean, aukera oso zabala eskaintzen die herritar gehienei etxea erosteko. Dirudienez etxeak saltzea da helburu, ez da axola nork erosten dituen".

Zezen-plazako lursaila Muno SAk 30 eraikin egiteko hartu zuen, baina etxeak saltzeko iragarkia bertan urteetan egon bada era oraindik lanak ez dira hasi. ASAk leku horretan etxea saltzea "lan zaila" behar duela izan garbi du, ibaiaz bestalde Aceralia baitago, eta hirigintza batzordean udalak bertan babes ofizialeko etxeak egin eta lur horiek kuartel zaharrarrekoekin trukatzea onartu izana EAJ-EAren udal gobernuak "interes pribatuekiko duen morrontza eta menpekotasuna" nabari uzten duela adierazi zuten. Dena dela, lur aldaketa ez zen gauzatu, eta dirudienez Azpeitia Lantzenek eskuratu ditu lur horiek.

Beste hainbat galdera ere airean gelditzen direla gehitu zuten :"Zer helburu du udal plan honek, orainarteko politika aldatzea edo enpresa pribatu bati etxebizitzak saltzea? Ez ote dago herrian lur hoberik etxe bizitzarik eraikitzeko?

Azpeitia Lantzen

Azpeitia Lantzen udal erakundea da, baina ASAkoen esanetan udalaren "itzelean" sortutako S.A. bat da: "Azpeitia lantzen bere estatutuek dioten bezala edozein motatako eraikuntza inmobiliariotara dedikatutako SA bat da. Udalak finantziatu eta administrazio kontseilu batek zuzentzen duen erakunde hori enpresa pribatu bat bezala gestionatzen da".

Erakunde honetako administrazio kontseiluan EA-k eta EAJ-ak bina ordezkari dituzte eta ASA-ak ordezkari bakarra du. ASA udal taldeak erakunde honetan izan duten esperientziaren arabera "zuzendaritza kontseilua gai zerrendan dauden gaiei baiezkoa ematera mugatzen" dela salatu zuten prentsaurrean. Eta gaiak "aurrez ondo jorratuta" eta "lotuta" izaten dirala adierazi zuten: "aurrez norbaitek agintzen du zer egin behar den eta gero ratifikazioa eskatzen da". Etxebizitzei buruz eginiko proposamenak aktan ez direla jaso eta permuta bati buruz eskatutako espendientea jasotzeko direla era salatu zuten.

Gainera, udal erakunde bat izan arren "inongo publikotasun zentzurik" ez duela erabiltzen, ez eta "berdintasun printziopiorik" jakinarazi zuten: "Baltzu honek egiten dituen kontratu, esleipen edo adjudikazio eta abar, kontseilu honek erabakitzen ditu. Zer lursail erosi, zein konstruktoreri eman, etxea nork egin, arotza, eskaiolista... nor, etxe eta lokalak zenbatean saldu, aseguru etxeak zeintzuk izango diren..."

Udal erakunde honen azken erabakietako bat Loiola Fundazioa sortzea izan da. Esklaba inguruan egin nahi den obra guztiak kudeatuko lituzke fundazio honek. Baina ASAk "zaharrentzako gerontologikorako aitzakian inguru hori guztia urbanizatu eta edifikatu" nahi dutela adierazi zuten eta proiektua "inongo erakundeen -Foru Aldundia, Jaurlaritza, urolako udalen eta herriko miserikordiaren adostasunik gabe" egin dela gaineratu zuten. Fundazioko zuzendaritza kontseilua hiru lagunek osatzen dute: lehendakari oraingo alkatea da, lehendakariordea oraingo EAjo zinegotzia eta idazkaria Azpeitia Lantzeneko gerentea.