Habea herri plataforma hauteskundeetara aurkezteko sinadura bilketa abian da

Habea 2003ko api. 3a, 13:04

Orri ofizialak lortuta, sinadura bilketa Azpeitiko udal idazkaritzan burutuko da apirilak 15a bitartean. Igandeetan ezik, egunero goizeko 09:00etatik 14:30era izango da sinatzeko aukera. Herritar guztiei luzatzen zaie deia.

Habeak, maiatzak 25ean burutuko diren hauteskundeetara aurkezteko behar dituen 500 sinaduren bilketa martxan jarri da, bi eguneko atzerapena eragin duen oztopoak gaindituta. Jakina denez, gaur arte hauteskunde batzordeak ez ditu eskuragarri jarri sinadurak bildu ahal izateko beharrezko ziren orri ofizialak. Hainbat jestio burutu ondoren ordea, Habea herri plataformak gaur bertan, osteguna, apirilaren 3an, jaso ditu orri hauek. Gaurtik hasita beraz, aukera dute Azpeitiko herritar guztiek Habeak herri kandidatura aurkeztu ahal izateko behar dituen sinadurak emateko.

Igandeak salbu, egunero goizeko 09:00etatik 14:30era Azpeitiko udal idazkaritzan izango dute horretarako aukera. Bete beharreko baldintzak 18 urtetik gorakoa izatea, Azpeitian erroldatua egotea eta DNI-a aurkeztea besterik ez dira. Bukatzeko Habea herri plataformatik, barkamena eskatzen zaie egun hauetan udaletxera azaldu eta bere gain egon ez diren oztopoen eraginez, sinadurarik ematerik izan ez duten herritarrei eta deialdia luzatzen die berriro herritar guztiei udal idazkaritzatik sinadura ematera pasatzeko.