EAren herriko mahaiaren hauteskunde-zerrenda irabazle barruko bozketan

Uztarria.eus 2003ko api. 2a, 17:04
Boto bateko aldea kendu dio beste zerrendari

Lehia gogorra egon da Azpeitiko Eusko Alkartasunan (EA) maiatzaren 25eko udal hauteskundeetara begira, EAJrekin egingo duen koalizioa dela-eta EA barruan bi zerrenda aurkeztu direlako, eta herriko mahaiarenak boto bakarreko aldea kendu diolako besteari, Uztarriak jakin duenez.

"Behin ere baino jende gehiago" azaldu zen atzo gaueko bederatzietan Azpeitiko EAren batzarrera, "afiliatuen %70 inguru", batzarrean izan zirenek diotenez, "jokoan asko zegoelako". EAJrekin maiatzeko udal hauteskundeetarako egingo duen koalizioari begira, EAk zerrenda bat edo bestea aurkeztu erabaki behar zen batzarrean. EAren herriko mahaiarena zen zerrenda bat eta gaur egungo zinegotziak eta beste batzuk ziren bestearen bultzatzaileak; hain zuzen, martxoaren hasiera aldera esan zuten bigarren taldekoek zerrenda aurkeztuko zutela eta orain dela gutxi jakinarazi zituzten bertako izenak.

Bozketa herriko mahaiaren proposamenak irabazi zuen, justu-justu. Hauxe izan zen emaitza: 33 mahaiaren zerrendaren alde, 32 kontra, hiru boto zuri eta baliogabe bat. Gipuzkoako EAren Berme Auzitegiko kide bat etorri zen bozketara, ikuskatzaile modura. Bozketan ez zen arazorik sortu.

EAren estatutuek diote lehendabizi herriko mahaiaren zerrenda bozkatu behar dela, eta batzarreko gehiengoa horren alde azaltzen bada, ez dela beste zerrenda bozkatuko. Dena dela, bozketaren aurretik bi zerrendatako kideek hitz egin zuten, bakoitzak bere arrazoiak azalduz. Gero, bozketan, gehienek —33k— herriko mahaiaren zerrendaren alde egin zutenez, ez zen beste bozketarik egin.

Batzarra baino egun batzuk lehenago egon ziren saioak bi zerrendak bat egiteko, baina ez zen akordiorik lortu.

Manuel Unanue, zerrendako aurrena

EAk sei kide izango ditu EAJrekin osatuko duen koalizioko zerrendan, eta hauxe da atzo irabazle atera zen seiko taldea, ordenean: Manuel Unanue (Azpeitiko EAko lehendakaria; argazkikoa da), Kontxita Martija, Mikel Ibarzabal, Candido Mitxelena (zinegotzia), Iñaki Larrañaga (zinegotzi ohia) eta Iñigo Letamendia.

Irabazi ez zuen zerrenda, berriz, hauxe: Aitor Aranguren (zinegotzia), Iñaki Olaizola (zinegotzia), Camino, Candido Mitxelena (zinegotzia; bi zerrendatan zegoen), Javier Beobide (zinegotzia) eta Nekane Larrañaga (zinegotzi ohia eta EAko zerrendaburua azkeneko udal hauteskundeetan).

EAko Euskal Herriko zuzendaritzarekin bat egiten duen taldea da irabazlea. Ildo horren ustez, EAk EAJren aurrean eta eguneroko martxan "nortasun handiagoa" izan behar du, "betiere haien bidelagun izan behar du, eta une jakin batean koalizioa egin behar bada EAJrekin, ba egin egiten da, baina beste une batean beste indar politiko batekin egin behar bada, ba bestearekin egiten da". Beste ildokoek —batik bat EAko Gipuzkoako zuzendaritzak ordezkatutakoak— diote EAJrekin harreman iraunkorra izan behar duela alderdiak, bien artean Kataluniako CIU antzeko bat osatuz.

2, 4, 7, 10. tokiak EAkoak; 13.a ere bai

EAk sei kide izango ditu EAJrekin egingo duen koalizioko zerrendan, eta negoziaketan hitzartu dutenen arabera, oso litekeena da EAk, gaur bezala, berriro gutxienez lau zinegotzi lortzea, hautes-zerrendan 2, 4, 7 eta 10. tokiak bereak izango direlako. EAJk gaur egun zazpi zinegotzi dauzka (11 bien artean, beraz), eta koalizioak udal hauteskundeetan hamabi zinegotzi lortuko balitu, hamabigarren hori EAJkoa izango da; Hamahirugarrena, berriz, EAkoa. Hamalau eta hamabosgarrena EAJkoak.

Dena dela, nahiz eta koalizioan joango diren, alderdi bakoitzak hauteskundeen ondoren talde bana izango du Udalean, Uztarria herri aldizkariak otsaileko zenbakian aurreratu zuen bezala.

EAk Festak, Ogasuna eta Kirola batzordeak ziur

EA eta EAJ, udal programa ez ezik, euren esku leudekeen udal batzordeez ere ari dira hizketan, eta Uztarriak jakin duenez, EAk ziur izango lituzke Festak, Kirola eta Ogasuna batzordeak. Beste bat ere izateko aukerak ditu.

Udal programari dagokionez, EAk gazte lokalaren kontua "konpondu" egin behar dela esan dio EAJri, eta "etxebizitza merkeagoak" egin behar direla ere esan dio "argi eta garbi". Eusko Alkartasuneko ordezkariak "oso gustura" daude hizketaldi horietan Julian Eizmendi EAJ-EAren alkategaiarekin izan duten harremanarekin.