Habea herri plataformak 500 sinadura behar ditu hauteskundeetara aurkezteko

Habea herri plataforma 2003ko api. 2a, 16:04

Eskualdeko hauteskunde batzordea oraindik bildu ez denez —azken informazioek ostiralean bilduko dela aipatzen dute— sinadurak lortzeko paper ofizialik gabe utzi dute oraingoz Habea herri plataforma

Habea, Azpeitiko bilgune ezkertiar eta abertzalea, herri plataforma, martxoaren 1ean aurkeztu zen herriko plazan. Autodeterminazioaren aldeko jarrera, Euskal Herriaren aurkako erasoei erantzuteko konpromezua eta justizia sozialean oinarrituriko proiektuen lantzea ardatz hartuta osatzen ari den herri plataforma da Habea. Azpeitiko alor ezberdinen inguruan egiten aritu den eta ari den azterketen baitan, maiatzaren 25ean burutuko diren udal hauteskundeetara aurkezteko erabakia hartu du. Horretarako, ordea, legeak 500 sinadura biltzeko eskatzen dio apirilaren 1a eta 15a bitartean. Sinadura hauek Azpeitiko udaletxean goizeko 09:00etatik 14:30era (larunbatak barne) biltzeko ziren, baina eskualdeko hauteskunde batzordea ipintzen ari den oztopoak medio oraindik ez dira lortu sinadura hauek biltzeko behar diren paper ofizialik. Azken informazioen arabera, apirilak 4, ostirala arte hauteskunde batzordeak ez du biltzeko asmorik eta egiten ari diren eskariak erantzunik gabe gelditzen ari dira. Habea herri plataformatik ziurtatu denez asko jota larunbaterako sinadura bilketa martxan jarriko da baina, adi egotea komeni da oztopoz beteriko bide baten aurren omen gaudelako. Sinadura bilketak Azpeitiko udal idazkaritzan burutuko dira lehen esan bezala, eta derrigorrezkoa da DNI-a aurkeztea eta Azpeitian erroldatua egotea. Azkenik, datorren asterako, apirilaren 7tik aurrera , herritar guztiei deia zabaltzen die, Habeako proiektuekin ados egon daitezkeenei eta ados egon gabe herri honen aniztasunean sinesten dutenei, Azpeitiko udal idazkaritzatik beren sinadura ematera gonbidatuz.