Arkaitz Nogales atleta azpeitiarrak Munduko Kros txapelketan hartuko du parte

Uztarria.com 2003ko mar. 28a, 18:03

Arkaitz Nogales 18 urteko atleta azpeitiarrak asteburu honetan Lausanan egingo den Munduko Kros txapelketan hartuko du parte, junior mailan. Bere helburu nagusiena lehen 50en artean sailkatzea da.

Orain bi hilabete Portugalen izandako txapelketan laugarren postua eskuratu zuen Arkaitz Nogalesek eta horri esker, Espainiako selekzioan sartzeko helburua geroz eta gertuago ikusi zuen. Orain, Lausanako Munduko Kros txapelketan Espainiako selekzioarekin hartuko du parte. Maila horretako txapelketan Espainiako selekzioarekin parte hartu zuen azken atleta gipuzkoarra Joseba Sarriegi izan zen, 1984. urtean, orain dela 19 urte hain zuzen ere. Urte hartan txapelketa Nueva York-en izan zen eta 11. postuan sailkatu zen atleta gipuzkoarra.

Arkaitz Nogalesek epe laburrean Europako txapelketarako 5.000 metrotan minimoa lortzeko helburua du, hau da, 14:25ko minima egitea. Eta epe luzera begira, berriz, Espainiako selekzio absolutuan sartzea nahi du. Bestalde, etorkizunean maratoi-erdietan parte hartzea gustatuko litzaiokela ere esan du, hauetan "giroa ezberdina baita eta gustokoa baitu".

Aurten Azkoitia-Azpeitia Maratoi-Erdia ikusteko aukerarik ez du izango eta "pena" badu ere mundilera doala eta kontent da. Halaxe adierazi du El Diario Vasco egunkariak egindako elkarrizketan.