La Milagrosako ikasleak Gipuzkoako Eskolarteko Ibilbide Neurtuen XVI. Ekitaldian izan ziren

Gipuzkoako Mendizale Federakundea 2003ko mar. 19a, 14:03

Igandean, martxoaren 16an Gipuzkoako Eskolarteko Ibilbide Neurtuen XVI. Ekitaldia ospatu zen. Bost ibilaldi antolatu ziren Gipuzkoako bailara ezberdinetan: Irun, Hernani, Lazkao, Deba eta Zarautz. Parte hartu zuten ikasle azpeitiarrak Zarautzen izan ziren.

Gipuzkoako Mendizale Federakundeak antolatutako aurtengo eskolarteko mendi ibilaldi neurtuen ekitaldian 2.735 ekola-umek hartu dute parte. Baina guztira 3.884 lagun izan dira ibilaldia burutu zutenak. Izan ere, ez dira ahaztu behar eskola-umeekin joan diren 1.149 mendizale helduak. Aurtengoan, iazko edizioan baino haur eta laguntzaile gehiago izan da. Dudarik gabe asteburuan zehar egin duen eguraldi onak animatuta.

Azpeitiko eskola-umeak Zarautzen egin zen ibilaldian hartu zuten parte. Ibilaldi honetan 15 ikastetxek hartu zuten parte, eta 840 haur eta 217 laguntzaile izan ziren bertan. Azpeititik La Milagrosa ikastetxeko 20 haurrek hartu zuten parte eta ikastetxeko guraso eta Lagun Onak Mendi Bazkunakoak izan zituzten laguntzaile bezala.

La Milagrosako ikasleek Orioko Herri Ikastolako eta Juan Zaraguetako ikasleak; Zarauzko Antonianoetako, La Salleko, Maria Inmaculadako, Orokietako eta Salbatore Mitxelenako ikasleak; Zumaiako Herri Eskolako, Maria eta Joseko, Oikiako eta Institutuko ikasleak eta Azkoitiko San Jose Floreagako eta Xabier Munibe Ikastolako ikasleak izan zituzten bidelagun.