IV. Ikasberri Rallysprinta Errezil bidean egingo da

Uztarria.eus 2003ko mar. 12a, 12:03
Iñaki Alberdi gidari azpeitiarrak ere parte hartuko du

Donostian, atzo (martxoak 11) aurkeztu zen larunbatean, martxoaren 15ean, ospatuko den IV. Ikasberri Rallysprint-a. Aurtengo edizioan ibilbidea aldatu da, eta Errezil bidean egingo da, ohiko Urraki bidean egin ordez. Parte hartzaile kopurua mugatu egin da, eta 60 auto gidarik hartuko dute parte.

Donostiako Londres Hotelean aurkeztu zen larunbatean 15:00etan hasita Azpeitian egingo den IV. Ikasberri Rallysprinta. Proba hau laugarrenez antolatu dute Ikasberri Ikastola eta Lagun Artea taldeek, eta EAEko Rallysprint txapelketarako, EAEko Junior mailako Rallysprint txapelketarako eta IV. RAC Vasco-Navarro Koparako puntuagarria da.

Aurkezpenean bertan izan ziren Joxe Aranburu, Ikasberri Ikastolakoa; Iñaki Labaka, Errezilgo alkatea; Alejo Uranga, Azpeitiko Kirol Zinegotzia eta Xabier Arzamendi, RAC Vasco-Navarrokoa. Eta adierazi zutenez bost mila zaletu biltzeko asmoa dute.

Aurtengo edizioak baditu berrikuntzak, aipagarriena ibilbide aldaketarena da. Izan ere, ohiko Urrakiko igoera egin ordez, Errezilgo bidean egingo da Rallysprinta. Zehazki Azpeitia-Errezil-Bidegoian 13,400 kilometrotako ibilbidea egingo dute birritan norabide bakoitzean autogidariek. Probari hasiera 15:00etan emango zaio Azpeitia-Bidegoian ibilbidearekin. 16:30ean Bidegoian-Azpeitia ibilbidea egingo da, 18:00etan Azpeitia-Bidegoian eta 19:30ean Bidegoian-Azpeitia. Egiaztatzeak goizeko 09:00etatik 11:00etara egingo dira Azpeitiko epaitegiaren aurrean.

Bestalde, partehartzaile kopurua 60 autotara mugatu dute antolatzaileek, proba gehiegi ez luzatzearren, eta 69 lagunek eman dute izena. Proba arratsaldeko 20:00etan amaitzea aurreikusten dute antolatzaileek eta sari banaketa 21:00ean egingo da.

Kilometroak'00-kin abiarazi zen proba

Lehen Ikasberri Rallysprint Azpeitian 2000 urtean ospatu ziren Kilometroak’00 eta herrian auto lasterketarako dagoen afizioa aitzakiatzat hartuta antolatu zuten Lagun-Artea eta Ikasberri Azpeitiko Ikastolak. Proba hartan Urrakiko igoera egin behar zuten autoek, baina Bidegoian-eraino -10,8kmtako ibilbidea- eta Rallysprinten arauak jarraituz ibilbide horretan joan-etorria bi aldiz egingo zuten. Lehen edizio hartan Iñaki Alberdi azpeitiarra nagusitu zen, Seat Ibiza Kit Car-arekin. Bigarren edizioan Jon Agirre azpeitiarra izan zen garailea, Ford Escort WRC-arekin. Baina edizio hau Iñigo Uria gidariaren istripu eta heriotzagatik da ezagunagoa. Iazkoa, 2002ko edizioa, berriz ere Jon Agirrek irabazi zuen, Saxo Super 1600arekin.