Adierazpen askatasunaren eta euskararen aurkako erasoaldiaz

Azpeitiko Euskal Herrian Euskaraz 2003ko mar. 5a, 19:03

Euskarak, euskaldunok eta Euskal Herriak jasaten dugun zapalkuntza egoera ikusita, indarrak biltzeko unean gaude. Horri ekin behar diogu ditugun baliabide guztiak erabiliz eta indartuz, borroka eginez. Honela, Azpeitiko EHEk martxoaren 7rako mobilizazio eguna deitu du, eta arratsaldeko 19:30ean manifestazio bat egingo da Azpeitian.

Azken egunetan Euskaldunon Egunkariaren aurkako operazio polizial eta judiziala ezagutu dugu. Euskarazko egunkari bakarra kolpatu dute, euskaldunok informazioa idatziz jasotzeko dugun eskubidea bermatzen duen bakarra. Euskara normalizatzeko bidean dugun tresna komunikatibo garrantzitsuena.

Eraso berri hau Euskal Herria eta euskararen aurkako eraso bortiz bezala ulertu beharra dago. Ez baita eraso isolatu bat. Euskaldunok eta gure herriak bizi dugun suntsipen estrategia baten ondorio zuzena da gertaera hau, herri eta euskal herritar gisa dagozkigun eskubideen ukazioan oinarritzen den egoera estrukturalaren ondorioa.

Hamar lagunen atxiloketak, Egunkariaren miaketak eta itxierak hautsak harrotu ditu gure herrian. Euskaldunek amorruz eta haserre erantzun diogu eraso honi, milaka eta milaka lagun bildu garelarik Donostiako kaleetan, azken urteotan Euskal Herrian egin den manifestazio jendetsuenean. Euskal Herriak euskararen aurkako kolpe honen aurrean irmo eta ozen erantzun du, Egunkariari babes osoa eskainiz eta euskarak aurrera egin behar duela aldarrikatuz.

Aipatu dugun erasoa modu partzial batean azaleratzeko arrisku handiak daude. Ez da egunkari bati egiten zaion eraso soila. Euskal Herrian euskara normalizatzeko abian dugun normalizazio prozesua gelditzeko saio berri bat da. Lehenago AEKrekin egin zuten, helduen euskalduntze alfabetatzean egiten ari zen lana oztopatu nahirik eta egun ondorio latzak pairatzen ari gara maila horretan, nahiz eta jakin ez dela egungo krisiaren jatorri bakarra. Euskal liburugintzaren aurka ere egin zuten, ikastolen aurkako kriminalizazioa, EHE eta Abokatu Euskaldunak... Normalizazio prozesuan zabalik ditugun proiektuak kolpatuz, euskararen berreskurapena gelditu nahi dute.

Horregatik, euskalgintzak zabalik dituen proiektuak inoiz baino indartsuago mantendu eta abiatu behar ditugu (normalizazio planak, behatokia, ekintza plana, korrika...).

Horrez gain abertzaletasunaren baitako mugimenduak aztertu behar dira. Hainbatek manifestazioan parte hartu zuen eta orain euskararen defentsaren bandera eraman nahi du. Baina nora eramaten gaitu bandera horrek? Euskalgintza bezala dugun herri ekimenak, bera autonomia eta lidergoari eutsi behar dio. Ez baita aski elkartasuna eta babesa, euskara eta Euskal Herria beste eszenatoki batetara eramateko neurri politikoak behar dira. Ez dezagun ahantzi egoera orokorra: Osakidetzako oposizioak, justizian bizi den egoera, komunikabideen arloan euskararen egoera tamalgarria, eskoletan euskara ez da bermatzen, Biziberritze Planarekin dagoen oztopatzea, Nafar Gobernuaren Dekretua eta Unibertsitate Legea, Frantziar Gobernuaren ezetza lege babesari eta euskararen aitortza eza, ofizialtasun falta Euskal Herrian, hizkuntza eskubideen bortxaketa etengabea... Hau da errealitate gordina.

Errealitate horri erantzuteko herri honek tresna ezberdinak jartzen ditu abian, Egunkaria bezala, eta noski, tresna horiek kolpatzen dituzte.

Argi erakutsi behar da, orain euskararen alde konpromisoak hartzeko prest agertzen diren horiek mantentzen duten egoera eta euren erantzunkizuna. Zer egingo dute justizian? Eta osakidetzan? Eta komunikabideetan? Eta zer hizkuntza eskubideak lurralde osoan bermatzeko? Haien jokabidea salatu beharra dago.

Euskarak, euskaldunok eta Euskal Herriak jasaten dugun zapalkuntza egoera ikusi eta horren aurrean indarrak biltzeko unean gaude. Horri ekin behar diogu ditugun baliabide guztiak erabiliz eta indartuz, borroka eginez.

Hau dela eta Azpeitiko EHEk martxoak 7rako mobilizazio eguna deitu du, arratsaldeko 19:30ean manifestazio bat egingo delarik plazatik abiatuta.

EUSKARA EUSKAL HERRIAREN ESKU! ERASOALDIAREN AURREAN MUGI ZAITEZ!

ASKI DA!

  • Egunkariaren itxiera
    - Ofizialtasun eza
    - Osasun administrazio erdaldunak
    - Euskaldunontzat justiziarik ez
    - Euskaltzaleen atxiloketak
    - Euskararen aurkako oposizioak
    - Komunikabideetan euskararik ez
    - Eskola eredu erdaldunak