Martxoaren 13an Bai Euskaldunon Egunkariari

ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, ELB, HIRU eta EGAS 2003ko mar. 5a, 17:03

Martxoaren 13a Egunkariari elkartasuna adierazi eta itxiera salatzeko eguna izango da Azpeitian ere. Sindikatuek ordubeteko lanuztera, 11:30etik 12:30era, deitu dute egun horretan.

  • BAI euskarari

    Euskara herri honen hizkuntza, gure hizkuntza dugu. Hizkuntza oro legez, altxor bat da, baina munduan diren milaka hizkuntzaren artean euskara da gure ahots berezia. Euskarak, anitza izanik, bat egiten gaitu.

Euskara zaindu eta babestea dagokigu, gure arbasoengandik jaso dugun ondarea aberastu eta indarberrituta ondorengoei utzi nahi diegulako.

  • BAI normalizazioari

    Euskara nonahi erabili eta entzutea nahi dugu, baita hedabideetan, hezkuntza sistema osoan, teknologia berrietan, lan munduan ... Nahi izanez gero, gure hizkuntza gaurko gizarterako tresna egokia izango da.

Euskararen normalizazio betea, hots, eguneroko bizimoduan eta oztoporik gabe garatzea, bizikidetzaren normalizaziorako bidean ere lagungarria izango da.

  • BAI euskarazko hedabideei

    Euskal Herria txikia da, eta herri txikiek zailtasunak izan ohi dituzte alor askotan, are gehiago egungo globalizazio oldarkorrean. Hedabideak gero eta esku gutxiagotan jausi ahala, gero eta uniformeago bilakatu ahala, hurreko prentsak, euskaraz adierazten den prentsak herri honi nor izaten jarraitzen laguntzen dio.

Euskarazko hedabideak bultzatzeko eta erabiltzeko borondatea eta konpromisoa adierazi nahi dugu. Gure esku dagoena egingo dugu honelako proiektuak gauza daitezen.

  • BAI Egunkariari

    Egunkaria ezean, ahots baten faltan gaude, hitz idatzia kentzen zaigu. Herri honek kalean eta kioskoetan agertu du euskarazko egunkari bat babesteko konpromisoa; guztiok erakunde, alderdi politiko, eragile sozial ala herritar geure egin dezagun.

  • BAI adierazpen askatasunari, informazio eskubideari eta aniztasunari

    Guztiok dugu egiazko informazioa eta askatasunez adierazitako iritzia emateko eta jasotzeko eskubidea. Baita norberak informazio-iturria hautatzeko eskubidea ere.

Halaber, kazetari eta hedabide guztiei zor zaie itxiera, jazarpen eta beste inolako mehatxurik jaso gabe beren lana egin eta informazioa hedatzeko aukera.

  • BAI Egunkariko langileei

    Egunkariko langileen enplegua eta etorkizun profesionala bermatu beharra dago. Ezin da alferrik galdu hamahiru urteko ibilbidean lan itzelez jasotako proiektua eta euskararen hedapen eta normalizazioaren aldeko lan eskerga.

  • BAI atxilotuen askatasunari

    Gure kulturgintzako hainbat pertsona eredugarri bezain beharrezkoak zakarki atxilotu dituzte eta, tratu txarrak eta torturak jasan ondoren, gehienak espetxeratuak izan dira. Orain arte lan handia egin badute, aurrerantzean ere horretan jarraitzea nahi dugu. Etxean behar ditugu.

Jarrera eta konpromisook adierazteko, parte har ezazu martxoaren 13an:

  • 11:30etatik 12.30etara deitutako lanuztean
  • 11:30etako asanbladetan eta 12:00etan lantokien aurrean egingo diren bilkuretan
  • Bilboko ekitaldian, 19:0ean La Casillan, eta euskalgintzako eragile eta erakundeek deitzen dituzten ekitaldietan.