300 lagun inguru bildu zen plazan Egunkariaren alde

Uztarria.eus 2003ko ots. 27a, 12:02
Kontseiluak deitu zuen elkarretaratzea udaletxe aurre guztietan

'Egunkaria aurrera. Bai euskarari!" lelopean 300 lagun inguru bildu zen atzo (otsailak 26) plazan, udaletxe aurrean Kontseiluak deituta.

Azpeitiarrak gogoz ari dira erantzuten Egunkariaren aldeko ekimenei, Egunkariaren itxiera salatzeko eta atxilotuak eskatzeko eskatuz. Pasa den larunbatean, otsailaren 22an, Donostian izandako manifestaziora mila azpeitiar inguru hurbildu zen, autoz eta autobusez. Hauetatik 500 inguru Baite Euskara Elkarteak antolatutako eta Azpeitiko Udalak ordaindutako autobusetan hurbildu ziren.

Atzo (otsailak 26), berriz, Kontseiluak elkarretaratzea deitu zuen Euskal Herriko herri guztietako udaletxeen aurrean. Eta dei honi erantzunez Azpeitian, 300 lagun inguru bildu ziren.

Herri batzordeak osatzen

Euskaldunon Egunkariako langileek herrietan batzordeak sortzeko deia egin dute, ekimenak elkarlanean egiteko. Azpeitian bihar, otsailak 28, ostirala, izango da Egunkariaren aldeko herri batzordea osatzeko batzarra, 19:30ean, Aitonenan.