Larunbatean Kaldereroen Kofradiak Ohorezko kofradeak izendatu zituen

Uztarria.com 2003ko ots. 25a, 12:02
Iñaki Bergara "Pio" eta Inazito Odria "Txermena" omendu zituzten

Larunbat gauean, Ardozaleak elkartean, kalejiraren aurretik, urtero lez afaria egin zuten Hungariako Kaldereroen Kofradiako kideek. Ohitura jarraituz, aurten ere Ohorezko kofrade izendatu zituzten herriko bi pertsona ezagun: Iñaki Bergara "Pio" eta Inazito Odria "Txermena". Urtero herriko lagun eta talde ezagunak omentzen ditu Kaldereroen Kofradiak.

Afariaren ostean, Kaldereroen Kofradiako kideek eta gainerako lagunek kaldereroen jantzia jarri eta oroigarri bana eman zizkieten bi omenduei. Afarian, beste urteetan izendatuak izan zirenak ere bertan aurkitzen ziren, besteak beste, iazko bi omenduak, Joxe Lizaso eta Joxe Agirre bertsolariak. 22:15etan atera ziren kaldereroak herriko kaleak alaitzera. Hauekin batera herriko haur eta gaztetxoak, eta musika jarriaz, Udal Musika Banda eta Juan Antxieta Musika Eskolako ikasleak izan ziren.