Eskalatzeko bide gogorra

Uztarria.eus 2003ko ots. 10a, 18:02

Larunbata, 09:30ak, bost lagun, lau azpeitiar eta Itziarko bat, furgonetan Etxaurirako bidean abiatu ziren. Eskalatzeko asmotan bostak. Bidean, ezusteko ederra hartu zuten, Guardia Zibilak gelditu baitzituen Ororbia herrian. Ordu eta erdiz izan zituzten geldituta, ustez Joseba Pagazaurtundua-ren hilketarekin zerikusia zutelakoan.

Bost gazteak 10:00ak inguruan Andoainera heldu eta Irurtzunerako autobidea hartu aurretik bidean edandako bi zumo pote zakarretara botatzeko gelditu ziren, bide bazterrean. "Bi zumo poteak hartu eta korrika jaitxi nintzen furgonetatik, zumo poteak zakarrontzira bota eta atzera korrika igo nintzen furgonetan", kontatzen du Gorka Karapetok, azpeitiarra eta eskalatzailea bera. Gorkaren aburuz, honek sortu izango zuen Guardia Zibilaren susmoa. Halaxe bada, Irurtzunerako bidean jarri ziren gazteak.

Irurtzunen Etxaurirako bidegurutzean Gorka bera ohartu omen zen atzetik Foralen autoa zutela, baina inolako garrantziarik ez zion eman. Baina, Ororbiara heltzen ari zirela, Guardia Zibilaren hiru auto gurutzatu zitzaizkien bide erdian. Bost gazteei furgonetatik jaisteko eta lurrean etzateko agindu zien poliziak. "Pistolak ateratzeko agintzen ziguten, builaka eta urduri ikusten ziren. Lurrean etzanda ordu erdi inguruan eduki gintuzten. Guk ez genekien Andoainen atentatua gertatu zela, ez genekien ezer, baina zerbait gertatu zenaren susmoa etorri zitzaigun burura", dio Gorkak. Motxilak furgonetatik atera eta hustu egin zizkien Guardia Zibilak, ondoren nortasun agiriak eskatu zizkien. "Esan genien motxilatan eskalatzeko materiala besterik ez genuela, baina alferrik".

Gero, banan-bana zutitu arazi eta belarretan lokatza artean etzanarazi zituzten berriro. Beste ordu erdi batez belarretan etzanda egon behar izan zuten: "Belarra oraindik izoztuta zegoen, lokatza zegoen eta izugarrizko hotza egiten zuen", eta gero zutik jartzeko agindu zien. "Atzean Guardia Zibilak genituen armak eskutan guri zuzenduta, orduan telefono dei bat izan zuten eta halaxe bide bazterrean esertzeko eta motxilak jasotzeko esan ziguten. Une hortan azaldu zigun Guardia Zibilak Andoainen atentatua izan zela, eta harekin zerikusia izan genuelakoan gelditu gintuztela. Segidan lasai eskalatzera joateko modua genuela esan ziguten", kontatzen du Gorkak.

Pasatako tratu txarra pasa ondoren, Etxaurirako bideari ekin zioten bost gazteak, baina eskalatzeko batere gogorik gabe. "Dena lokaztuta geunden, aurpegia, arropak, goitik behera zerri eginda geunden, Etxaurin zerbait jan eta berriro Azpeitira bueltatu ginen".