Enrike Zurutuzari eta Pilar Aizpitarteri elkarrizketa

Baite Euskara Elkartea 2003ko ots. 7a, 18:02
Baitek biak elkarteko Ohorezko Bazkide izendatuko ditu otsailaren 15ean

Baite Euskara Elkarteak bere sorreran 2001eko udazkenean izendatu zituen lehen Ohorezko Bazkideak, Patxi Altuna eta Joxe Lizaso. Behin-behineko funtzionamendu baten ondoren Elkartearen sorrera ofiziala eta Batzar Nagusia, 2002ko udaberrian izan ziren ordea, eta aurten, otsailaren 15ean izango da bigarren ekitaldia, aurtengo Batzar Nagusia baino lehen. Enrike Zurutuza eta Pilar Aizpitarte (ez Pilar Arruti, Baite aldizkarian gaizki jarri dugun bezala; barkatu) izango dira Ohorezko Bazkideak.

Zurutuzak 85 urte ditu, ataundarra da baina Azpeitian bizi duela 62 urtetik. Antzerkian, komunikabideetan eta idazle gisa bere lanak egin izan ditu euskaraz. Pilar azpeitiarra da, bertan bizi da, 71 urte ditu eta antzerkian aritu izan da. Hau izan da biekin hitz egiteko arrazoia.

BAITE Euskara Elkarteak Ohorezko Bazkide izendatu zaituzte eta onartu egin duzue. Eskerrik asko ba, benetan!

Biek: Ez dago zer eskerturik. Gogoko duguna egin dugu gure bizitzan, euskararen alde jardun dugu, eta horregatik aipatzea onargarri da.

Baite: Baitek Ohorezko izendatu zaituzte, zuen bizitzan euskararekiko izan duzuen maitasuna eta dedikazioagatik. Nola, noiz hasi zineten euskararekin maitemintzen?

Enrike:Gazte, gaztetatik. Baserriko semea naiz, euskararen giroan hazia. Beti izan dut zaletasuna euskara indartzeko eta bultzatzeko. Gero eta gehiago sakontzen ari naiz ideia horretan. Nire iritziz hizkuntza da herri bati nortasuna ematen diona eta bere nortasunari eusten diona. Bere hizkuntza duen eta erabiltzen duen herriak nortasuna izango du. Hizkuntza da zutabea. Horri helduta nire bizitzan beti horren alde, euskara bultzatzen saiatu naiz. Gazte denbora, Francoren garaian, garai txarretan tokatu ginen, diktadura garaian. Hala ere saiatzen ginen nola edo ala euskarari eusten.

Pilar:Txikitan eskolara mojekin joaten nintzen. Garai haietan eskolan behintzat ez genuen euskararik egiterik izaten. Etxean dena euskaraz egiten genuen. Bagenuen moja bat oso euskaltzalea zena baina beste bat oso kontrarioa. Ni harritu egiten nintzen horrekin. Gure etxean denek euskaraz egiten badute zer edo zer esan nahi dik horrek pentsatzen nuen. Gu beti saiatzen ginen euskaraz egiten, baita euskararik nahi ez zuen moja haren ezkutuan ere. Kalean ere bagenituen, nahiz eta azpeitiarrak izan, kontra egiten zigutenak. Guk geureari heltzen genion. Nik oso latza bilatzen nuen, geurea dela esan eta ez egitea, lagatzea.

Baite:Zuek zuen bizitzan euskararen aldeko jarrera izateak kontrario, etsai bat baino gehiago sortuko zizuten. Zuk Enrike, Zaragozako unibertsitatean ez zenuen euskararen aldeko girorik izango. Aldeko agertzea bera ere, susmagarri agian...?

Enrike: Ez dakit horrenbesterako zen. Guk Unibertsitatean bertan egiten genituen euskararen aldeko ekintzak. Batasun bat sortu genuen euskaldun ikasleok, festak, euskaldunon egunak, kaleko ekintzak, Santa Ageda eskea egiten genuen... oso ondo hartzen gintuzten. Handik hasi ginen pizten. Karreraren erdian ordea Espainiako Gerra sortu zen. Hiru urte pasa ondoren, bueltan gauza gutxi egin genuen. Karrera bukatu beharra zegoen, ez zegoen berriketarik. Ondorenean bakoitza geure postuetan lanean hasitakoan, ni hemen Azpeitian hasi nintzen, hasi ginen berriro euskararen aldeko lanak egiten. Lehenengo dena debekatua baitzegoen, elizaren aldizkarietatik bilatu genuen bidea. Elizak bakarrik zeukan askatasuna eta gure lanak, Zeruko Argia, Arantzazu eta holakoetara bidaltzen genituen. Geroago herritan, herriko festetako ganadu sariketetan eta hitzaldietara gu eramaten gintuzten. Euskaraz hitz egiten genuen beti.

Baite: Pilar, zuk zure bizitzan euskararen alde egindako ekintzen artean antzerkia agertzen da...

Pilar: Bai eta Enrikek beronek sartu ninduen gainera. Ni oso kantu zalea izan naiz eta Azpeitian antzeztu behar zen Pasioan kantatzera joan nintzen hasieran. Ez dakit Enrikek zer bilatu izango zidan baina horretarako aukeratu ninduen. Paper txiki bat bazegoela eta horretarako apartatu ninduen eta kantua laga egin behar izan nuen. Handik aurrera gustatu egin zitzaidan. Gero Imanol Eliasek sortu zuen antzerki talde bat eta hots-egin zidan. Hala segitu nuen gero antzerkiari loturik. Oso mendizalea ere izan naiz eta han ere euskara zen gure hizkuntza. Nik ez dut sekula erdaraz egiterik pentsatu. Etxean ere ez geneukan beste hizkuntzarik egiterik, ez zekiten euskara besterik.

Baite: Pasioaren antzerki lana azaldu da hemen, nola sortu zen ideia hori Enrike, zu izan zinen eta zuzendaria?

Enrike:Lehen esandako bide horretan, antzerki txikiak egiten hasi ginen, Ramuntxo eta horrelako batzuek. Gero sortu zen Jesusen Nekaldiaren, Pasioaren ideia antzeztekoa. Lehenengoa Augustin Zubikarairena egin genuen. Hurrengo urtean oso-osorik neuk idatzitakoa egin genuen “Odol Eskaintza” izenekoa. Ehun aktoretik gora. Ez da nik esaten dudalako baina sekula Euskal Herrian egin den antzezlanik handiena izan zen. Eta ez Azpeitian bakarrik, Donostiara ere iritsi ginen eta Victoria Eugenia lau aldiz lepo, orratzik ere betetzen ez zela bete genuen. Horretan badaukat anekdota bat. Hara joan ginenean gaizkitzat hartu zuten askok. Lagun handia nuen Jose de Artetxek hala esan zidan: nola etorri zarete hona! Hau zer uste duzue dela, Victoria Eugeniara luistarren antzerki batekin etortzeko? Gu joan egin ginen ordea. Goizean bete-bete egin eta arratsaldean berriro ikusi nahi zuen Donostiako Orfeoiko Gorostidi zuzendariak arrenka eskatu zidan, arratsaldean ikusi beharra zuela berriro eta nola edo ala sarrera bat lortzeko. Nik ezin nuela eta hainbeste erregutu zidan, azkenean aktoreen artetik, teloi atzetik ikusi behar izan zuen. Hortik kontuak atera nola bete genuen. Irakurtzekoak dira orduko egunerokoek esaten zituztenak. Geroago ere izan dira berriro merezi lukeela esanez baina zaila da. Orain ez dago erlijio gauzetarako orduko berotasunik. Hauek lan hura oso ondo egin zuten baina orain nahita ere ez dago biltzerik. Hil ere egin dira aktore onak, Potxolo zena e.a. Nire lana, profesionalak ez ziren aktore haiek, banan-banan hartu eta beren zeregina azaldu, deklamazioa erakutsi... ordu pilak sartu nituen, eguneko albaitari lanak egin eta gauean hauei erakusten. Egin egin genuen hura ere!

Pilar: Denak gustura ibiltzen ginen gainera!

Enrike: Bi urtetan eman zen. Bi-hiru emanaldi Azpeitian eta gainerakoak Donostian. Jesukristo bilatzen ibiltzen ginen gaizki. Gizon lerdena, deklamatzen zekiena, ahots gozokoa...Holakoak banaka izaten dira ordea baina biltzen genituen. Hor ere badago anekdotarik. Nik apuntadore lanak egiten nituen. Aktoreak beren papera ikasita joaten dira baina aurrekoak oker esan badu gainerakoak salduta gelditzen dira. Hor sartu behar izaten du apuntadoreak. Behin neu apuntadore nengoela, Jesukristo gurutzean jarria zegoen eta hil aurreko zazpi hitzak esan behar zituen, guk Ebanjelioa zorrotz jarraitzen genuen, erlijioaren propaganda sutsua egiten genuen izan ere, jendea negarrez egoten zen antzerkia ikusten, ba esan bezala, Jesukristo gurutzean zegoen, oso egoera nekagarria zen berea eta nekatu egin zen nonbait eta zazpi hitzak esan beharrean lehenengoa eta azkena esan zituen. Nik esan nion “Jose Mari! Hasi berriz gaizki esan duzu eta.” Han zegoen hura zaindu behar zuen soldadu erromatar bat eta esan zidan: “Nola hasiko da ba hil da eta!”. Hark nonbait azken hitza esan zuenean burua makurtu zuen.

Baite: Pilar, zein zen zure eginkizuna?

Pilar: Negar egitekoa beti. Maria de Magdalaren papera egin behar nuen eta Jesukristo hiltzen zenean negar egiten genuen eta bene-benetan egin ere gainera. Nire anaiek ama eraman zuten antzerkia ikustera eta hark Pasioa zer zen ere ez zekien, Jesukristo hil zutela eta besterik ez. Esan bezala ni nire paperean, negar eta negar. Etxera joan naiz eta galdetu diot: “Ze ama! Gustatu al zaizu?- Isilik egon ai isilik, lotsagarri hori! Hainbeste jenderen aurrean barregarri, denen aurrean negarrez!” Gero azaldu behar izan nion dena ulertuko bazuen!

Enrike: Pasio kontu hori ez zen gainera nolanahi antolatua izan. Aurrez beste leku batzuetako Pasioak ikusi genituen, Ondarroan, Durangon...Haiek ikusi eta konturatu ginen guk ere egin genezakeela hainbestekoa edo baita hobea ere behar bada. Kanpora ere jo genuen. Alemanian zegoen “Kanpaxa” jesuita eta hango irudiak ekarri zizkigun. Olesa de Monserratekoa ere jaso genuen. Horiek denak bildu, ondo sakondu eta hasi ginen dena antolatzen. Ez zen ba berriketako lana izan!

Baite: Urtero egiteko neketsu samarra gertatuko zen...

Enrike: Orduan erlijioarentzat zaletasun handia zegoen. Komentuetatik eta denak etortzen ziren. Pilar: Orduan guk egiten genuen sakrifizioa bela egingo lukete gaurko gazteek! Ezta pentsatu ere! Enrike: Honek esaten duena egia da e? Guk jartzen genituen gurutzearen ondoan, Ebanjelioak esaten duen bezala, Amabirjina eta emakume batzuk gurutzearen oinetan. Jesukristo hiltzen zenean hauek negarrez hasten ziren eta bai benetan egin ere! Gu ondorenean hauek isildu ezinik ibiltzen ginen.

Pilar: Nahi ez zenuela irteten zizun!

Baite:Antzerki zaletasuna hor piztu eta gero bizitza osorako...

Pilar: Bai, pentsa, aurreneko urteetan, urtean bi estreinaldi eta egiten genituen. Orain zera, jenderik bilatu ezinda!

Baite: Enrike, zuk irratian egindakoa ere euskararen bidetik izango zen ba?

Enrike: Hor ez nintzen ni bakarrik, talde bat ginen. Berez saioak baserritarren izena zuen baina euskarari eusteko zen batez ere. Askotan esaten da euskararen aldekoak beti politika betekoak direla eta ez da horrela. Badira euskaltzaleak, politikan kontrako joeran dabiltzanak ere. Gure saio hura izan zen irratian euskara sartzeko lehenengo pausoa eta hori lortu zuena, Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipaleko zuzendaria eta Donostiako Falangeko burua zen, D. Carlos Lanfus. Oso euskaltzalea bera. Gaurko PPkoengatik ere esango da horiek euskaltzaleak ez dituk, baina egongo dira bakarren batzuk han ere. D. Carlos Lanfus horrek lortu zuen, orduko Gobernadore Zibilaren adiskidea baitzen, oso poliki. Atzeko atetik sartu zen. Berak dirua zeukan, Kutxako zuzendaria zenez eta Falangeko irratiari “La Voz de Guipuzcoa”ri ordubete erosi zion bere programa bat ipintzeko, zer zenik esan gabe. Haiek ere dirua behar eta hartu egin zuten. Hor sartu zuen euskara. Gobernadorearekin gorabeherak izan zituen. Haserako baimena ematerakoan erdia erdaraz egitekoa zen. Hasieran hala egin genuen baina pixkanaka murrizten joan ginen erdara, ia dena euskaraz egiteraino. Gobernadorea beti izan genuen atzetik. Grabazioak eraman, zentsurak zorrotzak ziren. Guk ahal zen disimulu gehienarekin egiten genituen gauzak, rozerik gabe, langile gaietan sartu gabe, apaizak eta neska gazteak eta zirikatuz. Hala ere taldeko bat, D. Nemesio Etxaniz apaiza, kentzeko agindua eman zuen Gobernadoreak. Zergatik zen galdetu eta erantzuna, “Persona non grata” zela. Orduan denok berarekin bat eginez utzi egin nahi genuen baina berak esan zigun jarraitzeko, lan inportantea egiten ari ginela eta. Nolako arrakasta zuen adierazteko badaude anekdota ederrak: Seguran jesuita bat joan da misioak ematera eta irratsaioaren ordu berean hitzaldia eta ordua aldatu behar izan zuen bestela inor ez zitzaiola hitzaldira joango eta. Beste behin Zarautzen, pintxazoa izandako auto-zale bat joan da mekanikoarengana eta hala esaten dio: “Hau bukatu arte egon beharko duk ba! Gero konponduko diat.” Guri kontatzen zizkiguten honelako kontu ugari. Lehenengoa zen eta izugarrizko sona izan zuen. Gustura lan egiten genuen! Euskara hain zegoen baztertua garai hartan! Falangeko irratia izan arren gurea, Jose Antonio Agirrek zorionak bidali zizkigun Donibane Lohitzunetik, esanez bazekiela haren aldeko irratia ez zela baina gauza ona egiten ari ginela Euskal Herriaren alde eta jarraitzeko.

Baite: Bizitzan buruhauste bat baino gehiago emango zizuten euskararen aldeko izateak baina pozak ere bai, hala jokatu izanaz.

Pilar:Benetako poza. Nik ez dut behin ere ukatu euskalduna naizela. Harro gainera! Hala ere ni harritzen naiz oraingo emakume batzuen jokabidearekin. Beren umeekin dena euskaraz egiten dute eta gero elkarrekin dena erdaraz. Hori ez dut nik ulertzen. Behin andereño batekin gertatu zitzaidan kasua. Erdaraz ari zen pelukerian eta esan nion: nolatan ari zera erdaraz, ikastolako andereño izanda. Hala erantzun zidan: “A Pilar! Behin ikastolatik irtenda nahi dugun eran hitz egiteko libre gera” Nik ez nuen ulertzen euskararen aldeko apustua egindako batek nola zezakeen izan jokabide hori. Hark ere justukoa bakarrik. Umeei euskaraz klaseak eman eta handik aurrera hari ez zion axolarik.

Enrike: Hori da euskarak gaur daukan akatsik handiena. Hainbeste erraztasun, ikastola, eskola eta abar, baina euskara gutxi erabili. Azpeitia hala ere zerbait bada, hemen asko eta ondo hitz egiten da baina hemendik aurrera kontuz. Urrutira joan gabe ertzainek beraiek ere, Euskadiko indarra, hemengo zaintzaileak izanda, zer edo zertarako gelditzen zaituztenean, egunon euskaraz esan orduko esango dizute: “Por favor, prefiero que me hable en castellano”. Baina non gabiltza! Euskara sartu nahi da baina ez da erabiltzen. Periodiko edo egunerokoetan berdin pasatzen da, euskaraz idatzita ere irakurleak erdarara joaten dira. Horren erru pixka bat, behar bada, euskara bera batua dela eta ez dela nahastu delako ere bai. Lehengo euskaldun zaharrek ez dakiten euskara sartu da eta jendeak alde egin du. Batu beharrekoa izango zen baina euskara ondo suspertuta egin izan balitz behar bada hobe izango zen.

Baite: Ez hitz egitearena ez da euskara batuaren akatsa izango ba?

Pilar: Ez horixe! Hori hitz egiten ez dutenena bakarrik!

Enrike: Euskara batuaren kontua zuzenduko da gu zaharrok gastatzen garenean, euskara batuan ikasi dutenak bakarrik geratuko dira, baina orain momentuan nahaste hori dago.

Baite: Euskararen etorkizuna ez duzue hain seguru ikusten?

Enrike: Ez. Galtzeko arrisku latzean dago. Baina lehen ere bazen arazo hori eta orduan bezala orain ere lan egin behar. Guk Francoren garaian egin genuen ekintza polita. Aurrezki Kutxa Munizipalean asko agintzen genuen. Kontzejuetara eta askotan joaten ginen. Oso ondo hartuak geunden. Halako batean ideia bat atera zen. Orduan Donostiako kaleetan zekitenak ere ez zutela erabiltzen eta Kutxak dirua jarri zuen. Gizon bat ibiltzen zen Kontxa inguruan, jende asko zebilenean. Euskaraz ari zela ikusten zuenari mila pezetako bat ematen zion. Hartara, hura non zegoen jendeak ez zekienez, euskaraz ari beharra zeukaten dirurik jasotzekotan. Truku horiek erabili genituen.

Baite: Gure zorionik beroenak har itzazue biok, zuen bizitza osoan euskaraz eta euskararen alde ibili izanagatik. Lekukotza hori Azpeitiko herritarren aurrean eredu gisa nabarmendu nahi izan dugu. Pilarrek bazituen kezkak merezimendurik ez ote duen egin sari hau jasotzeko baina Baitekook ez dugu zalantza txikienik ere hau eta gehiagorako merituak ere badituela eta herritarrek ere aitortuko diotela. Eskerrik asko bioi.