Azpeitia eginez Euskal Herria eraikitzen

Azpeitiko Sozialista Abertzaleak 2003ko ots. 7a, 17:02

.2003. urteari ere hasiera eman diogu. Guztiok ere urte berrirako asmo berriak edo aurreko urteetan egin ahal izan ez ditugun asmo zaharrak berritzen ditugun egun hauetan, ohikoa izaten da jendearengana igarkizun liluragarriez gerturatzea. Ez da ba hori gure asmoa. Argi erakutsi digu urte hasi berriak igarkizunen gainetik errealitatea beti gailentzen dela. Jo dezagun ba urte zaharrak zer utzi dion urte berriari ikustera.

Estatu espainiarrak ezker abertzalearen aurka hasitako ofentsibaren jarraipena izan dugu urte zaharra. Euskal Herritarrek bere etorkizuna askatasunean erabakitzeko bidean indar erabakiorra dela jabetuaz, Estatu espainiarrak ezker abertzalea neutralizatzeko eginiko apustuan pausu berriak ikusi ditugu. SEGI gazte erakundearen ilegalizazioa, Askatasuna amnistiaren aldeko mugimenduaren ilegalizazioa, Batasuna ilegalizatzeko onartutako partiduen legea, Garzonen bidez Batasunaren suspentsioa eta egoitzen itxiera, herriko taberna eta kultur elkarteen aurkako erasoa,....Eman dituzten pausoen arabera ikusi ahal ditugu ordea ditugun aukerak ere. Ez da ahaztu behar urte hasieran aurkeztu zuela Batasunak "Euskal Herriarentzako konponbide demokratiko baterako proposamena", lurraldetasunean eta autodeterminazio eskubidean oinarrituriko bake proposamena, udaberrian Euskal Herriaren eraikuntzarako arloz arlo, eta minimo batzuetan oinarritzeko akordio nazional baterako proposamena. Gazterian, euskalgintzan, amnistiaren aldeko mugimenduan, irakaskuntzan,.... eginiko lan eta borroka guztiek erakutsi die estatu espainiarrari Euskal Herria eszenatoki berri baterako jauzia emateko prestatzen ari zela eta dela. Aukera hori zapuzteko saiakera da azken finean estatu espainiarrak ezker abertzalea jokoz kanpo uzteko saiakera.

PNV eta EA-ko autonomisten jokoa behin ere baino argiago gelditu da. Ilegalizazioen aurka azaldu arren ez dute inongo arazorik izan ezker abertzalea ahal zuten toki guztietan baztertzeko EUDELeko itunaren bidez. Garzonada guztien aurka azaldu dira bainan Ertzantzak egoitzak ixterakoan erakutsi du polizia erakunde eta bere buruen izaera zipayoa. Bilbon Irailaren 14-an, autonomistek betetzen duten paperaren argazki garbi bat ikusteko aukera izan genuen. Guztia gutxi balitz, Ibarretxek Euskal Herriaren partizioa eta Espainiar estatuarekiko menpekotasuean oinarritutako proposamen bat aurkeztu zuen, gure herrian dauden beste proiektu politikoak erabat baztertuz, independentistak kasu.

Eta bitartean Azpeitian zer? PNV eta EA-k euskalgintzako eragileen gainetik komunikabideen bidez aurkeztu eta bultzatu zuten Euskera Biziberritzeko Plan Nagusia-k urte bat bete duenean, anbulategian euskaldunen eskubideak urratuta jarraitzen dute. Etxebizitzak luxuzko espekulazio produktua izaten jarraitzen du, salerosketak suposatzen duten irabazien bidez edo bankuei eskatutako kredituak ordaintzeko bizi-tza guztirako morroi bihurtuaz. Egindako proposamenek ez dute (babes ofizialeko etxeak, lur erosketak, alkilerreko etxebizitzak,...) tokirik interes "ezkutuen" aurrean. Udaberrian kultur etxearen inguruan eginiko promesak hitz polit hutsetan gelditu dira, baliabide eta azpiegitura kulturalak inoiz baino zebitzu eta egoera kaxkarragoan aurkitzen direlarik. Hau gutxi balitz, gazte lokalak eskatzen ari ziren gazteak jipoituak izan ziren ihauterietan. Muntai mediatiko baten bidez gertaerak manipulatu ondoren, erasotuak erasotzaile bihurtu dira beraien aurka aurkeztu diren salaketak medio. Salaketa eta arlo judizialak ere toki nabarmena izan dute. 7 gaztek 17 urteko gartzela zigor eskaerari egin behar izan diote aurre. Azpeitiko udaletxeak herritarrek Udalbiltzak igortzen duen EHNA-ren tramitazioa egiteko aurkezturiko eskaerari ameto eman eta ehundaka herritarrek lortu dituzte, beste hainbat oraindik eskatzen ari direlarik. Orain dela urtebete 3 baziren, jada 6 dira Espainiar eta eta frantziar kartzeletan sakabanaturiko Azpeitiar Presoa Politikoak. Espainiar eta Frantziar estatuen erasoaldiari erantzuteko planteaturiko duintasun nazionalaren egunak oihartzun nabaria izan zuen Azpeitiko kale eta lantegietan.

Mugimendu, proposamen, eraso eta erantzunez beteriko urtea izan dugu beraz. Indar bakoitzaren apustu eta norabideak gero eta argiago ikusteko ere balio izan du urte zaharrak. Herritarroi dagokigu orain gure herriaren etorkizuna nondik nora norabidetu. Ikuspegi abertzale eta ezkertiar batetatik begiratuta, etorkizunean bakerik jaioko bada, lurraldetasuna eta autodeterminazioa gurasotzat dituela argi dugu. Inor eta ezeren zai egon gabe, egunero, gure ingurune gertuenean konprometitu eta lan eginda.

Badakigu ere egin beharreko bidea erraza ez dela izango, zangotrabatuko gaituztela, desagertuarazi nahi eta nahiko gaituztela eta batzuetan bidea ireki egin beharko dugula. Bainan erakutsi dugu proposamenak baditugula, proiekturik badugula, lanerako kemenik ez zaigula falta eta ilusioa gainezka dugula. Horregatik ez gatoz igarkizunez jendea liluratu nahiean. Eskeintza batekin gatoz. Lanerako eskeintza eta konpromezu batekin. Azpeitia eginez eraiki ahal izango baidugu Euskal Herria....IKUSIKO GARA.