Azpeitiko Udalak Agenda 21eko ekintza plana aho batez onartu zuen

Agenda 21 Azkoitia-Azpeitia 2003ko urt. 23a, 22:01

Agenda 21en esparruan sortutako ekintza plana aho batez onartu zuen Azpeitiko Udalak urtarrilaren 16an egin zen udalbatzarrean.

2000ko urte bukaeran Azpeitiko Udalak Agenda 21 ezartzeari ekin zion, jasangarritasunaren bideari heltzeko asmoz. Ezarpen prozesu honen hasieran eginiko diagnostikoan, Udalerriaren egungo egoeraren argazkia atera da. Diagnostiko hau jasangarritasunaren ikuspuntutik aztertuz gero Ekintza Plan bat gauzatu zen helburuak finkatu eta planifikatuz.

Agenda 21 etengabeko prozesua da, hau da, hasi eta denboran luzatzen dena, bukatzen ez dena. Une hauetan bost urtetarako diseinaturik dago aipatu ekintza plana, baina denbora hau pasa ondoren errebisio sakon bat egin beharko zaio eta beste epe baterako plan berritu bat definitu beharko da.

Onartu berri den planean 129 ekintza aurreikusten dira, 33 programa desberdinetan banatuta. Urtez urte, zenbait ekintza jarriko dira martxan, azkenean zortzi helburu orokor hauek lortu ahal izateko:

  1. Udalerriko elementu berezi gisa natura eta paisaia aldetiko balioak sustatzea.
  2. Hiri espazioaren kalitatea bereskurtazea.
  3. Ibilgailuen zirkulazioa antolatzea eta ibilgailu pribatua udalerrian gutxiago azaltzea.
  4. Ur-kontsumoa murriztu eta hondakin-uren saneamenduko sistema hobetzea.
  5. Hondakinak eta haueK ingurumenean duten eragina minimizatzea, berrerabilpena eta birziklapena sustatuz.
  6. Energia kontsumoa minimizatu, murriztu eta atmosferarako isurpenak murriztea.
  7. Jarduerak kudeatzeko sistema sustatzea eta ingurumen arriskua prebenitzeko mekanismoak erabiltzea.
  8. Jasangarritasuneko baloreetan sentikortzea eta ingurumen kudeaketa sustatzea.