Sansebastianetako entseiuak astelehenean hasiko dira

Uztarria.eus 2003ko urt. 10a, 18:01
Helduen daborradan bi taldek 25 urte beteko dituzte; Harkaitza eta Txalintxo taldeek

Datorren astean hasiko dira sansebastian festetarako azken prestaketak. Helduek bi egunetan izango dituzte entseiuak, asteartean eta ostegunean eta haurrek, berriz, arratsaldero.

Gutxi falta da sansebastian festetarako eta dagoeneko osatu da programa (bezperako egitaraua eta eguneko egitaraua agendan dira). Eta noski, danborradarako entseiuak eta taldeen kokapenak ere erabakita dira. Honela, helduek hurrengo astean zehar bi egunetan izango dituzte entseiuak; asteartean eta ostegunean Azoka Plazan 21:00etan. Haurrak berriz, egunero 16:30ean bilduko dira leku berean.

Helduen eta haurren danborradan talde ezberdinen kokapena uztarriako webgune honetan ikusgai da. Horretarako, Eliz Atarian eta Enparantza Nagusian helduen danborradako kokapena ikusteko egizu klik hemen. Eta haurrena ikusteko egizu klik hemen.

Helduen danborradari dagokionez, esan aurtengoan bi taldek 25 urte beteko dituztela, Harkaitza eta Txalintxo taldeek hain zuzen ere. Eta azken urteetan bezala talde hauek ere udalaren goraipamena jasoko dute udaletxean helduen danborradan.

Bestalde, aurten haurren danborradako karrozak zezen-plaza du gaia, izan ere 100 urte betetzen ditu eraikinak. Karroza, berriz, Eli Beobidek egin du. Haurren danborradarako karroza egiteko lehiaketa irekia egin zen, eta bi proiektu jaso ziren. Hauetatik Eli Beobiderena aukeratu du udalak "zezen-plazaren mendeurrena egokien azaltzen duelako".

Sokamuturra bi egunetan

Urtarrilaren 19a, San Sebastian bezpera, igandea denez arratsaldean sokamuturra izango da kaleetan. Beraz, aurtengoan bi egunetan izango da sokamuturra, bezperan eta egunean. Sokamuturra ohiko kaleetan ibiliko da (Perez Arregi Plazatxoa, Erdi Kalea, Enparantza Nagusia, Goiko Kalea, Olazko Amaren Plaza, Buztinzuriko Errebala, Hartzubia, Iturri Txiki Kalea, Santiago Kalea, Eliz ataria, Eliz Kalea, Plaza Txikia eta Enparantza Kalea), igandean arratsaldeko 16:30ean eta astelehenean 12:00etan eta 16:30ean.

Azpeitiko Udalak ahalik eta kalte txikienak gerta daitezen, herritarrei sokamuturra ibiliko den kaleetan kotxerik ez aparkatzea eta denda eta tabernak babesteko behar diren neurriak hartzea eskatzen du. Udalak ohar hauek kontuan ez hartzearen ondorioz gerta daitezen kalteetaz ez du erantzungo.