Arbitroaren erabakiek nabarmen kaltetu zuten Jostaldi liderraren aurka jokatutako partidan

Areto Futbol Taldea 2002ko abe. 23a, 23:12

Azpeitiko areto futbol taldeak txapelketa ofizialean parte hartzen daramatzan zazpi urteetan izan duen "lapurretarik handiena" sufritu behar izan zuen joan den asteburuan jokatu zuen partidan. Allerru Bekoerrota liderraren aurka jokatu zuen Lezon eta arbitroak batez ere bigarren zatian hartutako erabakiek –etxekoen aldekoak beti– nabarmen kaltetu zuten Jostaldi, partida galtzeraino. Talde azpeitiarrak idatzia helaraziko du aurki Gipuzkoako Areto Futboleko Federaziora, arbitroaren jarrera lotsagabea eta bertako jokalarien tratu mesprezagarria salatzeko.

Jostaldik ondo bideratuta zeraman partida bigarren zatian epaileak sarrera beldurgarri baten ostean Allerruren jokalari bat zuzenean kanporatu zuenera arte. Ordura arte nekez baina errez ari zen gailentzen talde azpeitiarra (1-3), arbitroaren erabaki traketsak eta lezotarren jarrera lotsagarria zirela medio. Baina hor amaitu zen norgehiagoka azpeitiarrentzat. Gaizki adierazitako bi alboko sake eta korner batek popatik bota zuten Jostaldik ordura arte egindako lan paregabea.