Bidezko denda zabalik da atzotik

Uztarria.eus 2002ko abe. 18a, 12:12
Bosgarren urtea du bidezko dendak herrian

Bidezko denda atzo zabaldu zuen Parrokiko Mixio Taldeak elizbarrutiak Eliz Kalean duen egoitzan (Frontoi Txiki alboan). Bertan jakiak eta artisautza produktuak eros daitezke, eta bide batez herri txiroen garapen soziala bultzatu, besteak beste. Denda urtarrilaren 5a arte zabalik izango da.

Mixio Taldeak bidezko denda honetan dituen produktuak Donostiako Kitzin dendakoak eta Coprodeli Fundaziokoak dira. Donostiakoak dira dendan diren jakiak, eta artisautza produktuak berriz, Coprodeli Fundazioren bidez ekarritakoak dira. Fundazio honek Andeetako Artisautza saltzen du, eta honela Peru eta Ecuadorreko zonalde txiroetan 50 tailer eta enpresa txiki sortzen lagundu du.

Bosgarren urtea da Mixio Taldeak bidezko denda zabaltzen duena. Taldearen esanetan "dendak harrera ona du herrian, baina lekuak asko eragiten du. Lehen bi urteetan udaletxe azpian eta Olazko Amaren Plazatxoan izan ginen, eta haietan salmenta handiagoa izan zen".

Denda urtarrilaren 5a arte zabalik izango da arratsaldeko 17:30etatik 20:00etara salbuespenekin. Gabon Egunean, abenduaren 25ean, itxita izango da. Abenduaren 24ean, berriz, goizez bakarrik zabalduko da, 11:00etatik 13:00etara, eta abenduaren 5ean goiz eta arratsaldez.

Zer da bidezko merkataritza?

  1. - Betiko merkataritzaren aurrean alternatiba da. Irizpide ekonomikoak baino, balore etikoak dira nagusi eta irizpide ekolojikoak gailentzen dira.
  2. - Lan egiteko modu honetan soldata duina bermatzen da. Haur esplotaziorik ez da ematen, emakume eta gizonen artea ez dago lan eta soldata alderik eta erabakiak demokratikoki hartzen dira.
  3. - Errespetuan datzan harreman komertzial honetan, bitartekariak ez dira aberasten, epe luzerako harremanak ezartzen dira, erosketak aurre finantzatzen dira (%50 arte) eta salneurria erosle eta saltzailearen artean ezartzen da.

Zergatik erosi bidezko merkataritzako produktuak?

  • Hegoaldeko ekoizle txikien bizi baldintzak hobetzen laguntzen duelako.
  • Herri txiroenen garapen soziala bultzatzen duelako honako alorretan: osasuna, hezkuntzan, azpiegituretan eta lanerako hezkuntzan.
  • Bertako herrien berezko kulturari eusten laguntzen diolako.
  • Ekoizle herrien berezko kulturari eusten laguntzen diolako.
  • Munduan zehar milaka lagunen garapena bultzatzen duelako.
  • Naturaren errespetoa sustatzen duelako.
  • Kalitatezko produktuak direlako.