"Urolako Trena 1926-1986" liburua aurkeztu zen

Uztarria.com 2002ko abe. 17a, 20:12
Liburua hiru ataletan banatzen da; historia, sozio-ekonomia eta atal teknikoa

Larunbatean aurkeztu zen Udaletxean Urolako trenari buruz egin den liburua. Aurkezpen ekitaldian izan ziren Jose Mari Bastida, Azpeitiko alkatea, Alvaro Amman, Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri-Lanetako Sailburua eta liburuaren hiru egileak, Inazio Artetxe, Lurdes Odriozola eta Juanjo Olaizola.

Liburua hiru atal desberdinetan banatuta dago. Lehen atala Inazio Artetxe medikuak idatzi du. Bertan, Urolako trenaren ikuspuntu zuzena kontatzen du, Urolako trenaren historia osoa hasieratik bukaera arte bizi izan duelako. Atal honetan kontatzen da nola 1884 urtean Udaletxean batu ziren trenaren beharra ikusten zelako herrian. Ondoren zenbait proiektu egin ziren trenaren inguruan. Azkenik, 1926. urteko otsailaren 22an inauguratu zen Urolako trena. Hala ere, trena egin eta gero etorri ziren gauza zailenak; nola mantendu trena etab.

Lurdes Odriozola historiagilea arduratu da trenaren historia sozio-ekonomikoaz. Bere hitzetan, "lan hau egitea erronka handia izan da niretzat, lehen aldia zelako tren baten historia ikertzen nuela". Gizarte eta ekonomiaren atala liburuko atalik handiena eta zabalena da, 12 kapituluz osatzen delarik. Atal hau datu konkretuekin egin da eta datuak Trenaren Museoan, Azpeitia eta Zumaiako Udal Artxiboetan eta Gipuzkoako artxiboetan bilatu dira. Lurdes Odriozolaren esanetan, "emaitzak nahiko onak izan dira, datu asko berriak eta ezezagunak zirelako". Atal honetan, Urolako trenean lanean ibili ziren langile guztien izenak agertzen dira, "Urolako langile guztiei omenalditxo bat egitearren". Hori dela eta, langileen zerrenda bat egin da.

Eta azken atala, Juanjo Olaizola, Trenaren Euskal Museoaren Zuzendariak idatzi du. Atal honetan, Urolako trenaren historia teknikoa idazten da, hau da, trenaren funtzionamendua gauzatzeko erabili ziren elementuak, pasabideak, lantegiak, tren-adarrak, kotxetegiak, geltokiak etab. Juanjo Olaizolak dioenez, "Urolako trenaren trazatua onenetarikoa zen". Bere esanetan, aipagarriak dira batez ere Urolako trenaren geltokiak, "oso bereziak dira, bakoitza proiektu bat zelako. Batak bestearekin oso desberdinak ziren". Anekdota gisa aipatu zuen Galiziako Ordes herrian Azpeitian dagoen geltoki berdin-berdina dagoela. Pertsona berari esan zioten proiektua egiteko eta Ordes herrian Azpeitian dagoen geltokiaren berdina egin zuen. Hori dela eta, Juanjo Olaizolak dionez, "polita izango litzateke Ordes herria eta Azpeitia anaitzea".

Alvaro Amman, Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri-Lanetako Sailburuaren hitzetan, "pena handia izan zen Urolako trena ixtearena". Aipatu zuenez, "etorkizuneko proiektuen barruan Urolako trenaren ibilbidea berreskuratzea nahi da, merkantzien trenentzat".

Jose Maria Bastida, Azpeitiko alkateak "Azpeitian beti izan du garrantzia Urolako trenak. Bi azpeitiarrei esker, Julian Elortza eta Inazio Perez Arregiri esker egin zen trena" esan zuen. Aipatu, norbaitek liburua erosi nahiko balu herriko dendetan egongo da salgai 20 euroren truke.