Areto futboleko Jostaldik garaipena behar du sailkapeneko goiko postuetara hurbiltzeko

Areto Futbol Taldea 2002ko abe. 11a, 19:12

Astebeteko atsedenaldiaren ostean, Azpeitiko areto futbol taldeak azaroan erakutsitako maila ona berreskuratu nahiko du larunbat honetan Donostiako Benta Berri taldeari irabazita. Jostaldik Oreretan jokatu zuten azken partidan galtzaile irten zen (3-2) eta, beraz, asteburu honetan sailkapeneko goiko postuetara hurbiltzeko aukera eman diezaiokeen garaipena lortu nahiko du.

Talde azpeitiarra, hala ere, meritu handiko denboraldia egiten ari da. Izan ere, aurten maila berria estreinatu du (Gipuzkoako Lehen Maila), eta azken asteotan jokalari anitz min hartuta izan dituen arren, une honetan sailkapeneko zazpigarren tokian aurkitzen da. Partida, ohi bezala, 16.30etan hasiko da kiroldegian.