Argazki baten istorio xumea

Egunkaria 2002ko abe. 6a, 16:12
Egunkaria-n (Mundu-Mira gehigarria), Beñat Arrueren berri

Ramon Olasagasti kazetariak idatzi du beheko testua. Beñat Arruek, Nepalgo Khumbu ibarrean galdutako herrixka batean Suka haurrarekin atera zuen argazkia du abiapuntu.

Errefuxiatu afganistandar haren begiratuak liluratuta utzi zuen Steve McCurry argazkilaria, Pakistango errefuxiatu eremuen gordintasuna bere kameraren bidez jasotzen ari zen 1984ko goiz hartan. Gerozko 17 urteotan, neskatxa haren begien atzean zer dagoen jakin nahi izan dute National Geographiceko milaka irakurlek; aldizkariaren 114 urtetako ibilbidean neskatxa haren argazkia izan da, dudarik gabe, ospetsuena eta hunkipen gehien sortu duena. Iazko urte bukaeran, McCurryk berak eta NGko talde batek Pakistanera jo zuten berriro, neskatxaren argazkia eskuetan, haren patua jakiteko esperantza urriarekin: argazkia aterea izan zen lekuan galdetu eta hari mutur fin baten arrastoari jarraituz, Tora Borako mendietan galdutako herrixka batean aurkitu zuten. Bera zen. Hainbeste gerrate eta penaldik ostua zioten gaztetasuna, baina haren begiek umetako distira eta basa ukitu hori gordetzen zuten oraino. Sharbat Gulak —hala du izena- taliban emakumeen ohiturari eutsiz txal beltz baten atzean babestuta entzun zuen bere argazkiaren historia, harriduraz bezainbeste ezin ulertuaz. Gaur egun, NGk diru fondo bat eskaintzen du Sharbat Gulak bezala, beren seme-alabei hezkuntza eman nahi dieten afganistandar emakumeentzat. Harrigarria da, askotan, begi batzuen atzean, argazki baten atzean ze historiak gorde daitezkeen.

Sukak ere harridura eta ezinulertu aurpegi berarekin begiratzen zien aurtengo urrian Benantxio Irureta eta berarekin joan ziren lagunei, mendizale euskaldunek argazki bat erakutsi ziotenean. Nepalgo Khumbu ibarrean galdutako herrixka batean bizi da Suka, Everest handiaren magaletan. Ez daki ingelesez, eta lanak izan zituzten Benantxiok eta lagunek argazkiko hura bera zela azaltzeko, urtebete lehenago beste lagun batek aterako argazkia zela adierazteko. Argazki honen historia xumea da oso, ez du NGko argazkiaren oihartzun eta osperik, baina irudiak erakutsi ezin duen oroitzapen eta sentimendu asko gordetzen da atzean.

Iazko udazkenean, motxilak ilusioz gainezka, Pumori mendiarantz zihoazen hamar euskaldun: Beñat Arrue, Benantxio Irureta, Aritz Artieda, Javi Arkauz, Cesar Nieto, Iñaki Aiertza, Jon Odriozola, Xabier Ostolaza, Jexux Mari Errazu eta Xabier Osinalde. Bidetan, poltsetako bat falta zutela konturatu ziren, Luklako aireportuan utzia izango zutela nonbait. Luklan zegoen bai: Benantxio eta Jon Odriozola pauso bizian jaitsi ziren Namche Bazarretik Luklara poltsaren bila eta zama eramaile baten laguntzarekin igo zuten atzera. Egun hartan, beste taldekideek atseden hartu zuten eta zenbaitek Thame herri ingurura hurbiltzeko baliatu zuten eguna. Gerozkoa ezaguna da: Pumoriko magaletan geratu ziren hamarren ametsak eta taldekideetako bost ere bai. Taldekideek hildakoen familiei eraman zizkieten lagunen argazki karreteak, gazte haien ilusioa ezin fidelago erakusten duten diapositibez betetako filmak.

Argazkietako batean Beñat Arrue agertzen da haurtxo batekin. Baten alaitasuna eta bestearen xalotasunak bizitza ematen diote irudiari. Aurten, gazte haietako batzuen familiak berriro izan dira Pumorin, eta Beñaten gurasoek bazuten halako jakinmina argazkiko ume hura ezagutzeko. Benantxiok esaten zien Khumbuko ibar hartan ume pila dagoela eta zaila izango zela oso hura aurkitzea, baina ez zuen, ordea, erabateko etsia hartu. Iruretak ez zekien argazkia non atera zen, baina iaz, Pumorirako bide osoan elkarren inguruan ibili ziren Beñat eta biak, eta Irureta ez zen gogoratzen argazki harekin. Hortik pentsatu zuen beraiek Luklara jaitsi ziren egunekoa behar zuela, Beñat Arrue eta lagunak Thame ibarrera joan zirenekoa.

Aurten, Pumoriko kanpaleku nagusitik eta Kala Pattharretik bueltan, Namche Bazarren atseden eguna hartu zuten trekingeko kide batzuk. Besteek, Thameko ibarrera jo zuten, badaezpada argazkia eskutan hartuta. Namchetik ordu betera etxalde batean galdetu eta etxeko andrea "Suka, Suka" esanez hasi zen, eskuarekin aurrera segitzeko erakutsiz. Aurreraxeago, eskolara zihoazen ume batzuk ikusi eta haiek ere "Suka, Suka" errepikatu zuten argazkia ikusi orduko. Jarraitu zieten eskola ume haiei eta Thamo herriaren ataritan —Thame baino lehenxeago dagoen beste herrixka bat— neskatxa hura ikusi zuten etxetik irtetzen. "Bera da, bera da". Umeari begiratu, argazkiari begiratu eta hotzikara batean geratu ziren Benantxio eta lagunak. Beñaten gurasoek ekarritako eskolako material eta poltsaka opari eman umeari eta Sukak harri eta zur jarraitzen zuen, ezin ulerturik. Ama etorri zen, anai bat ere bai, baina haiek ere ingelesez jakin ez, euskaldunek nepaldarrez gutxiago, eta, azkenik, ingelesez moldatzen zen maisu baten bidez argazkiaren historia azaldu zioten umeari eta familiari.

Pumoriren magalean haziko da Suka. Oraintxe urtebete argazkirako aldamenean izan zuen Beñat Arrue eta harekin batera Iñaki Aiertza, Aritz Artieda, Javi Arkauz eta Cesar Nieto oso gertu izango ditu beti, Euskal Herrian askok eta askok bezala.