Pablo VI-tik Garate Anaiaren auzunera oinezkoentzako aldapa berria egingo da

Uztarria.eus 2002ko aza. 19a, 18:11
Aldapak pasabide erosoagoa eskainiko du eta bi auzoen arteko joan-etorria hobetuko du.

Pablo VI eta Garate Anaiaren auzuneak batuko dituen oinezkoentzako aldapa egiten hasi dira aste honetan bertan. Aldapa, orainarteko eskaileraren alboan eraikiko da, eta bide batez eskilara hauek berrituko dira.

Pablo VI eta Garate Anaia auzuneen arteko joan-etorriak orainarte eskaileraren bidez burutzen ziren, baina aste honetan bertan bi auzoak batuko dituen aldapa eraikitzen hasi dira, eta bide batez eskailerak eraberrituko dira. Aldapa honek eskailerak erabiltzeko ezina edo zailatasunak dituztenei pasabide erosoagoa eskaini eta orainarteko oztopoak kentzeaz gain bi auzoen arteko joan-etorria hobetzea ekarriko du.

Bi auzoen arteko gune horretan burutuko diren lanak lau edo bost hilabete iraungo dute, eta 396.000 euroko (66 milioi pezeta) aurrekontua dute. Aldapa berriarekin eta eskaileren berritzearekin Harzubia inguruaren hiritartze lanak amaitutzat emango dira, izan ere Udalak inguru horretarako aurreikusitako lanen azken fasean kokatzen du bi auzoak batzen dituen aldapa.