"Elkarrizketaren bidez iritsiko dela konponbidea iruditzen zaigu"

Uztarria.eus 2002ko aza. 12a, 13:11
Datorren larunbatean, azaroaren 16an, antolatu den manifestazioan parte hartzeko dei egin dute.

Azpeitian Gazteok Zer?! taldeak "muntai judiziala" salatu eta Gazte Lokalaren eskaria berretsi zuten pasa den larunbatean, prentsaurrean.

Garikoitz Mendiola eta Xabier Zuazolagirre, Azpeitian Gazteok Zer?! taldeko bozeramaileek Elegante Eguneko gertakarien ondorioz prozesu judizialean diren bederatzi gazteei elkartasuna luzatu zien, eta "bide judizialetik ezer ez dela lortuko" eta "konponbidea elkarrizketaren bidez" etorriko dela azaldu zuten.

Prentsaurrean irakurritako idatzian bi bozeramaleek Udalaren jarrera ezkorra eta elkarrizketarako borondate eza salatu zuten: "egun udalarekin ez dugu harremanik, alkateak gazteokin ez duela hitz egingo adierazi duelako". Gazteak elkarrizketaren alde azaldu ziren eta Udalari bilera eskaria egin zien irtenbidea bilatzeko.

Gazteek Gazte Lokala lortu arte aurrera egingo dutela jakinarazi zuten, eta interesatutako guztiei dei egin zien datorren larunbatean, azaroaren 16an,Gazte Lokala Orain! Muntaia Juridikorik Ez! lelopean ospatuko den manifestazioan parte hartzeko.