Gipuzkoako Foru Aldundiak sei bidegorri egiteko asmoa azaldu du, tartean Urola bailarakoa

Uztarria.eus 2002ko urr. 7a, 14:10

Gipuzkoako Foru Aldundia bidegorri sarea egitekotan da. Sareak sei ibilbide izango lituzke, Urola bailarakoa besteak beste. Bidegorriak ezaugarri mixtoa izango du, hau da, zati batzuetan errepide nagusietatik bananduta egongo litzateke, baina beste batzuetan bat egingo luke edo alboan joango litzateke, beti ere segurtasun neurri handiena bideratuz. Egun batzuetan Foru Aldundiko ingurumen sailak udalei aurkeztuko die proiektua, hauek ere parte hartu eta ibilbide zehatza ezarri dezaten.

Gipuzkoako bidegorri sareak guztira 310 kilometro izango lituzke, eta inguruko lurraldeetakoekin bat egingo luke, baita Europako "Eurovelo" sarearekin ere. Bidegorriak bi txirrindulari elkarren alboan joateko zabalera nahikoa izango luke, %6a baino aldapa handiagorik ez luke izango (gune naturaletan izan ezik) eta bidearen %80ak zola egokia izango luke.

Leire Ereñoren,Ingurumen saileko buruaren, esanetan: "bidegorri sareak zazpi-zortzi kilometroko ibilbidea egiten duten hiriko txirrindularien beharrak asetzea du helburu, baita asteburuetan ibilbide handiago egiten dutenena ere. Bestalde kirol txirrindulariak ere gogoan izan ditugu ‘gune beltzak’ ekiditzeko".

Bidegorri sarearentzat guztira 30 milioi euroko (5.000 pezeta baino gehiago) aurrekontua aurreikusten da, eta sei ibilbide izango lituzke. Lehenengo ibilbidea Irunen hasi eta Donostiara iritsiko litzateke; bigarrenak, Donostia, Deba eta Mutriku lotuko lituzke; hirugarrenak, Donostiatik Ordiziako ibilbidea egingo luke; laugarrenak, Debatik Oñatirakoa; bosgarren bidegorria Urolakoa litzateke, Legazpi, Urretxu, Zumarra, Azkoitia, Azpeitia, Zestoa eta Zumaia lotuko lituzke, eta Zumaian Donostiako bidearekin bat egingo luke. Seigarrenak, Ordizia Bergararekin bat egingo luke.

Jon Mikel Muruak, Nekazaritza eta Ingurumeneko Aldunak, azaldu duenez proiektuak "gestio konplexua" izango du, izan ere oraindik finantzazio bidea eta gauzatze egutegia zehazteko ditu, eta horretarako, udalen laguntza eskatu du.