Bapo zebiltzak

Uztarria.com 2002ko ira. 10a, 12:09
Imanol Lazkanoren bertso sorta

Imanol Lazkano azpeitiarrak, aurtengo Basarri bertso-paper lehiaketaren bigarren saria eraman du, "Bapo zebiltzak" izeneko bertso-sortarekin. Joan den larunbatean abestu zituen 10 bertsoak Zarautzen ospatu zen sari-banaketan, eta hona hemen, orain, bertso-sorta, oso-osorik.

BASARRI BERTSO-PAPER LEHIAKETAREN BIGARREN SARIA

BASARRI BERTSO-PAPER LEHIAKETAREN BIGARREN SARIA

EGILEA: Imanol Lazkano
DOINUA: Esnezalearena
IZENBURUA: Bapo zebiltzak


  1. Gure gorputza lotan
    dagoen orduan
    burua jolasten da
    nahi duen moduan
    amets bat berezia
    egin dut lenguan
    batere uste gabe
    zeruan nenguan
    kontatuko dizuet
    zer ikusi nuan.

  2. Sartu eta hastean
    lagunen galdean
    Baxerri han zegoen
    betiko moldean
    gizon serioena
    bera zen taldean
    eserita guztizko
    "pormalidadean"
    aita eternuaren
    eskubi aldean.

  3. Uztapide han ere
    hemengo klasean
    gosalduta purua
    piztu zun goizean
    kartak eskuetan da
    tantoen ehizean
    keinu pikaroren bat
    noizean-noizean
    San Pedro zarrarekin
    ari zen musean.

  4. Lazkao Txiki berriz
    lehen bezain arraio
    ezkututik zelatan
    egona natzaio
    deneri adarra joz
    dabil nahiko iaio
    Jesus beregandikan
    ez zelako jaio
    San Joseri ilea
    hartzen ari zaio.

  5. Zer ote zen Balentin
    Enbeitan papera
    arrasto garbirikan
    ez nuen atera
    bat ausartu zitzaidan
    isilka esatera
    aita Urretxindorra
    ta biak batera
    joan ote ziraden
    mitinen batera.

  6. Joakin Mitxelena
    hura azeria
    Satan berari sartu
    bai zion ziria
    hari zaku ikatz bat
    ostuz alegia
    nonbaiten bildu zuen
    arrai ta haragia
    debalde atera zun
    bere afaria.

  7. Fernando Aire guztiz
    ilun da pentsakor
    zerura joan da ere
    Xalbador Xalbador
    maitasun denak hemen
    ez zituen agor
    Amabirjinarekin
    maitemindu da hor
    Espiritu Santuaz
    jarri da jeloskor.

  8. Sartu nintzen ezkero
    zeruko atean
    algara entzuten zen
    tartean-tartean
    zer zen ikusi asmoz
    bertara joatean
    Mattin han azaldu zen
    irrifar batean
    kaniketan zebilen
    aingeru artean.

  9. Santa Genobeba ere
    tartean daukate
    bertsotarako gaia
    izatez aparte
    bertso saltsa guzitan
    hartu ohi du parte
    etzen lasai munduko
    berri jakin arte
    galdetu ez zidan ba
    Zer moduz Lasarte?

  10. Len ez nuen sinisten
    zeruko bizitzan
    baina bertaratzean
    liluratu nintzan
    ikusirikan zeinen
    ederki dabiltzan
    zerura joateko
    halako baldintzan
    presik ez dago baina
    Beldurrik ez izan.

Argazkian Imanol Lazkano pasa den ostiralean saria jasotako bertsoak abesten.