Bi azpeitiar Bertsolari Gazteen Txapelketako finalean arituko dira

Uztarria.eus 2002ko ira. 3a, 15:09

Beñat Lizaso eta Jokin Uranga azpeitiar bertsolari gazteak 26. Bertsolari Gazteen Txapelketan finalerako sailkatu dira. Irailaren 6an izango da finala Zarautzeko Zinema Pilotalekuan 22:00etan. Bertan, Imanol Lazkanok Basarri Bertsopaper Lehiaketako 18. ekitaldiko bigarren saria jasoko du "Bapo Zebiltzak" bertso sortarengatik.

Bertsolari Gazteen Txapelketako 26. ekitaldirako 32 gaztek eman zuten izena, eta irailaren 6an Zarautzen izango den finalerako zortzi bertsolari sailkatu dira, tartean bi azpeitiar: Joxe Anjel Aranburu, Ekaitz Goikoetxea, Iñaki Gurrutxaga, Iñigo Izagirre, Beñat Lizaso, Jon Martin, Jokin Uranga eta Iker Zubeldia. Epaimahai lanetan, berriz, Iñigo Iruretagoiena, Pello Esnal eta Nikolas Zendoia arituko dira. Finalean, aurrenak sailkatzen direnak, lehenak 300 euro, txapela eta trofeoa, bigarrenak 210 euro eta bertsorik onenak garaikurra jasoko dituzte.

Jokin Urangak badu eskarmentua, Zarautzen egiten den Bertsolari Gazteen Txapelketan, 2000. urtean, Lehiaketaren 24. ekitaldian irabazle izan baitzen.

Basarri Bertsopaper Lehiaketa Bertsolari Gazteen Txapelketako finalaren jaialdian, ohitura denez, Zarauzko Udalak antolatzen duen Basarri Bertsopaper lehiaketako sariak banatuko dira. Aurten, bertsopaper lehiaketaren 18. ekitaldia izan da eta bigarren saria Imanol Lazkano azpeitiarrak jasoko du "Bapo zebiltzak" bertso-sortarekin. Lehen saria, Ekaitz Goikoetxea beasaindarraren "Bihotzaren hegaldiak" irabazi du.