Santiyo egunean izango da Iraurgiren 25. urteurreneko liburuaren aurkezpena eta bazkaria

Uztarria.eus 2002ko uzt. 24a, 17:07

Iraurgi Saskibaloi Elkartearen egun handia ospatuko da Santiyo egunean, uztailaren 25ean, bere 25. urteurrena betetzen ari dela-eta liburua aurkeztuko baitu lehenik eta bazkaria egingo duelako gero.

Hain zuzen, 12:00etan aurkeztuko du liburua Iraurgik, Aitonenan. Saskibaloi klubaren mende laurdena bildu duen liburua egin du Jon Olaizola azpeitiarrak eta Iraurgiko jokalari ohiak. Argazkiz eta pasadizoz josi du liburua Olaizolak, liburuari itxura arina eman nahian. Iraurgiko arduradunekin batera aurkeztuko du Aitonenan, aurkezpen zabalean. 14:30ean, berriz, Iraurgiren bazkaria egingo da Loiola Hotelean. Bertan bilduko dira 25 urte hauetan klubetik —atletismo sekziotik barne— pasatu diren jokalariak, entrenatzaileak, zuzendaritzako kideak, laguntzaileak eta abar. Iraurgik salgai izan ditu bertara joateko txartelak: Azpeitian Egurtzan, Juantxo Txikin, Pikuan eta Loiola Hotelean, eta Azkoitian Olaberrin eta Etxe-Aitzen. 42 euro balio ditu bazkariko txartelak, liburua barne.