Lurrin trenak martxan Tren Museoan

Uztarria.eus 2002ko uzt. 8a, 15:07

Uztaila eta abuztuan Tren Museotik Lasaoko tren geltokia arteko ibilbidea lurrin trenean egiteko aukera izango da. Tren Museoak, ehun urtetik gora dituen Aurrera lokomotorea eta Pagoa eta Haritza 1925ean eraikitako bidaiarientzako bagoiak jarriko ditu martxan.

Lurrin trenen ordutegia bi hilabeteotan honakoa izango da: larunbatetan 12:30ean eta 18:00etan eta igandetan 12:30ean. Dena den, bi egunetan lurrinezko trenaren ordutegia gehitu egingo da: uztailaren 20an, larunbata, 12:00etan, 13:00etan, 17:00etan eta 18:00etan izango da eta uztailaren 21ean 12:00etan eta 13:00etan aterako da. Uztailaren 25ean, 31an eta abuztuaren 15ean 12:30ean aterako da lurrinezko trena.

Erakusketak irekita

Tren Museoan gordetzen diren erakusketa guztiak udako bi hilabeteotan, uztailean eta abuztuan ikusgai izango dira. Hala nola, burnibidearen sorreratik gaur egunera arteko trenarekin lotutako materiala jasotzen duen erakusketa, trenbideetako jantziak gordetzen dituen erakusketa eta pasa den mendearen hasierako tailer mekanikoa eta garraioaren ingurumen gela. Udako bi hilabeteotan Eusko Trenen Tren Museoa asteartetik larunbata artean 10:30etatik 14:00etara eta arratsaldez 16:00etatik 19:30etara irekita izango da eta igande eta jaiegunetan, berriz, 10:30etatik 14:00etara.