Zine Klub Elkartearen liburua aurkeztu zen larunbatean

Uztarria.com 2002ko uzt. 8a, 14:07
Azpeitiko Zine Kluba. '25 urte Fotograma artean'

Larunbatean aurkeztu zen Azpeitiko Zine Klubak bere 25. urteurrena dela-eta argitaratu duen liburua. 25 urte Fotograma artean liburuan elkarteak egindako ibilbidea biltzen da: proiektatutako filmak, taldeak berak egindakoak, antolatutako zine ikastaroak... Datorren larunbatean bertan afaritarako bilduko dira 25. urteurrena ospatzeko.

Azpeitiko Zine Klub Elkarteak 1976ko urriaren 1ean, "La Casa de Cristal" filmaren proiekzioarekin ekin zion 25 urteko ibilbideari. Larunbatean berriz, 25 urte horiek biltzen dituen 25 urte Fotograma artean liburua aurkeztu zuten Aitonena Ieko aretoan. Liburuak 157 orri ditu, lau koloretara da eta taldekideen hitzak eta egindako pelikulen grabazioko argazkiak jasotzen ditu, besteak beste. Zine Klub Elkarteak liburuaren 500 ale atera ditu, eta taldean lanean jardun duten lagun eta ezagunen artean banatzeko asmoa dute, ez da salgai izango.

Pepe Azpiazuk, elkarteko sortzaile batek, aurkezpenean taldearen hasierak izan zituen gogoan: "Baziren bi zine komertzial herrian, eta beste motatako filmak ikustekoa gogoa zegoen. Honela, talde bat bildu eta Zine Kluba sortzea erabaki genuen. Garai hartan zentsura zegoen, eta cine de arte y ensayo sailean biltzen ziren pelikula asko. Guk horiek ekarri nahi genituen, baina ez zen erraza izan. Taldea legeztatu behar zen, 'Derecho de reunión y proyección' lortu behar zen, pelikulak hautatzea ere ez zen erraza, eta pelikulak aurkezteko eta foruma gidatzeko jendea behar zen".

Pello Elorzak taldearen izaera "kuriosoa" aipatu zuen, izan ere, "proiekzioak egitetik pelikulagile izatera" nola pasatu ziren azaldu zuen: "Zestoako Euskal Zine Topaketara laguntza teknikoa ematera joan ginen, eta han ikusitako filmak egiteko geu ere gai ginela ikusita hurrengo urtean Kutsadura laburmetraia aurkeztu genuen".

Zine Klub Elkarteak Super 8, Single 8 eta 16mm-tan egin ditu filmak, 25 urtetan 16 lan. Lehena 1977an Kutsadura eta azkena 1991an Behin eta berriz. Baina dudarik gabe ezagunena Mateo Txistu da. Filma hauekin herriz herriko proiekzioak egin zituzten eta hainbat zinema topaketetan izan dira: Zestoa, Lekeitio, Zalla, Bilbo, Balmaseda... eta aipamenak eta sariak ere irabazi zituzten.

Juan Carlos Arellanok, elkarteko kidea eta gaur egun aurkezle lanetan ari denak, taldearen gaur egungo egoera ezagutzera eman zuen: "Mateo Txistu egin ondoren geldiunea izan da. Lan harek taldearen izaera eta lana absorbitu zuen eta produkzio lana gelditu du. Geldiune horretan atera diren aurrerapen teknikoek ere oztopoak ekarri dizkigu bai diru aldetik, bai formazio aldetik. Eta bestalde, klasikotasunaren murriztea dakarrelako". Ostiraletako emankizunei dagokionez, hasieratan 400-600 lagun inguru biltzen baziren orain 150 lagun inguru biltzen direla adierazi zuen, eta ondoren egiten zen forumik ez dela egiten azaldu zuen: "gaur egun ez gaituzte hezitzen jendaurrean eztabaidatzeko eta pelikulak aurkeztera mugatzen gara, ez da forumik egiten".

Jose Mari Bastida, alkateak, "urteetako lan isila" egin duten taldekideentzat eskerrak eman eta zorion hitzak izan zituen.

Beste liburuak

Hil honetan bertan 25. urteurrena ospatzen duen beste herriko talde batek ere aurkeztuko du bere liburua, Iraurgi Saskibaloi Elkarteak hain zuzen ere uztailaren 25ean.