ELA eta LAB sindikatuek Greba Orokorrerako deia egin dute ekainaren 19rako

Uztarria.com 2002ko eka. 17a, 21:06

Espainiako Gobernuak egin nahi duen Lan Erreforma dela eta ELA eta LAB sindikatuek ekainaren 19rako lan uztea eskatu dute. Dagoeneko Azpeitiko hainbat enpresa deialdira atxiki dira, eta ez dute lanik egingo asteazkenean. UGT eta CCOO-ek ekainaren 20rako egin dute deialdia, ostegunerako.

Euskal sindikatuek lan uztea egun bat lehenago egiteko arrazoiak honakoak dira ELAren esanetan: "CCOO eta UGTk, Aznarren Gobernua eta CEOErekin bat eginez, garatu duten kontzertazio modeloan datza, askok grebaren bitartez guzti hau berreskuratu nahi baidute". Sindikatuak gaineratu du "aurrekariak kontutan hartuta, grebak ezin du Euskal Herriko langileen txeke zuria izan, sindikatu espainiarrek Gobernuarekin duten harreman ona berreskuratu dezaten, eta era berean kontzertazio epe berria has dezaten". LAB sindikatuak, bestalde, CCOO eta UGTek euskal sindikatuekin ez dutela "kontatzen", ez eta ere "greba lanari" begira, eta "errespeto falta" erakutsi dutela azaldu du. Eta, "hauek Madrilera begira" ari direla, eta LABek Euskal Herrian "lan harremanak finkatu" nahi dituela jakinarazi du.

ELA sindikatuaren esanetan greba orokorrak lema "argia" du: erabateko STOPa Gobernuaren neurriei, eta bat dator Espainiako sindikatuekin, ideia honi dagokionez. LABek dio erreforma "patronalaren aldeko eta langileen degradaziorako urrats bat gehiago" dela.

Greba Orokorra aurretik eta egunerako hainbat ekintza antolatu dira. Asteartean, LABek deituta 19:30ean auto karabana abiatuko da Enparantza Nagusitik. Eta 19an, asteazkenean, LABekoak 10:30ean Enparantza Nagusian eta ELAkoak 11:00etan Anbulategi aurrean bilduko dira Donostiako manifesetazioetara joateko. Bestalde, Duina, Bilgune Femenista eta Elkartzenek deituta "Bizi baldintza duinak Euskal Herri Berrian" lemapean manifestazioa izango da 19:00etan Azpeitian. Azpeitiko Emakume Taldeak eta Kale Gorrian taldeek atxikimendua adierazi die manifestazio honi.

LAB sindikatuaren iritziz azpeitiarrek "bat egingo dute" deialdiarekin eta lan uztea "masiboa" izango da. ELAk ere greba "erabatekoa" izango dela dio.

Neurriak

Indarrean jarri nahi den lan erreforma berriak langabeen eskubideak murriztea dakar. Hona neurri nagusiak:

Tramitazio soldata. Kontratua amaitutakoan hasiko da langabea saria jasotzen. Epaiketa bitartean enpresak ordaindu ohi duen tramitazio soldata kenduko da. Epaileak kaleratzea desegokitzat jo eta langilea berriro enplegatzekotan, enpresak sari horiek ordainduko dizkio Enplegu Erakundeari.

Enplegu egokia. Langabeak eskatutako lanbidea, sei hilabetetik gora jardundakoa, izandako azkena edo haren gaitasunei dagokiena hartuko da enplegu egokia. Langabeak saria jasotzen denboraldi zehatz bat pasatuta, Enplegu Erakundeak uste duena ere enplegu egokia izango da.

Mugikortasuna. Langilearen bizilekutik 30 kilometro baino gutxiagora dagoen lanpostua, joan-etorria bi orduan egiten dena, eta bidaia kostua soldataren %20tik beherakoa dena ere enplegu egokia izango da. Bidaietarako laguntzak izango dira.

Saria kentzeko zigorra. Saria jasotzen duen langabea behartuta dago eskaintzen zaion enplegu egokia onartzera, baita prestakuntza ikastaroak egitera ere. Behin ukatuz gero, hiru hilabeteko saria galduko du; bitan ukatuta, sei hilabete, eta hirutan, behin betiko galduko du saria.

Hona hemen dagoeneko ekainaren 19an greba egitea erabaki duten lantegiak

Mallas Ucin
Marcial Ucin
Azkue y Cia
Sammic
Sarralle
Muebles Dana
Altuna y Uria
Hormigones Lazkano
Grupo Grumal
Zurdo
Glual
Ikasberri
Iraurgi (13 langile)