Gipuzkoako Foru Aldundiak saihesbidearen inguruan dituen proposamenak ikusgai dira

Uztarria.com 2002ko eka. 13a, 22:06
Gipuzkoako Foru Aldundiak hegoaldetik doan saihesbidea hobetsi du, Landetatik Azkoitiara doana

Gaur eguardian Gipuzkoako Foru Aldundiak GI-631 errepidean Azpeitiko sahiesbide berria egiteko dituen bi proposamenekin erakusketa zabaldu du. Erakusketa Olazko Amaren Plazan dago lokal batean, eta bertan izango da bi hilabetez, abuztuaren 3a arte. Denbora horretan bi proposamenen inguruko iritziak bilduko dira, eta behin aztertu eta erabakia hartu ondoren proiektua idatziko da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Azpeitiko saihesbiderako bi proposamen aurkeztu ditu, iparraldeko trazatua eta hegoaldeko trazatua. Biak Eskustatik Azkoitiara doaz, baina iparraldekoak Izarraitzeko magala zeharkatzen du eta hegoaldekoak Landeta herrigunea eta Sistiaga eta Mandiola-Munategi ibarrak zeharkatzen ditu. Antton Jaimek, Garraio eta Errepideetako diputatuak, Foru Aldundiak bi proposamenak aztertu eta konparatu ondoren "egokiena" hegoaldekoa jo duela azaldu du "aurrekontu, ingurumena eta funtzionalitate aldetik balorazio hobea" duelako.

Banco Gipuzkoano alboko lokalean egin den aurkezpen ekitaldira Antton Jaime, Garraio eta Errepideetako diputatua, Jose Maria Sarasola, Errepideetako Zuzendaria, Jabier Astrain, saihesbideko proiektu arduraduna, eta Azpeitiko agintariak azaldu dira, besteak beste. Bertaratutakoen aurrean Antton Jaimek Azpeitiko saihesbidearen beharraz "asko" ez dela hitz egin beharrik azaldu du, eta "egunero 15 milioi ibilgailu igarotzen" direla gogorarazi du. Gaur aurkeztutako proposamenak duela urte batzuk Udalak egindako bi proposamenen azterketaren ondorio direla ere gaineratu du: "Saihesbidearen inguruan lehen azterketa Azpeitiko Udalak egin zuen, eta honek iparraldekoa proposatu zuen. Orduan, Foru Aldundia hegoaldeko trazatuaren alde azaldu zen, eta proiektua idazteari ekin zion. Bana duela urte eta erdi proiektua idazteari utzi eta bi proposamenak, Udalarena eta Foru Aldundiarena, sakonean aztertzea erabaki genuen. Eta gaur azaldutakoa azterketa horren ondorioa da".

Bi proposamenak

Iparraldeko trazatua GI-631 Zumaia-Zumarraga errepidean hasten da, Azpeitiko Eskusta harrobiaren parean, eta leku horretatik aurrera 250 eta 270 metro inguruko bi tunel daude. Jarraian, Izarraitz mendiaren magalean zehar doa eta Azkoitiko herrigunearen hego mendebaldean amaitzen da. Saihesbideak 4.575m luzera du, horri bideadar eta loturak gehitu behar zaizkio. Saihesbidea gauzatzeko Landetako ingurua ere egokitu egin beharko da. Proposamen honek 32 milioi euroko (5.325 milioi pzta) aurrekontua du.

Hegoaldeko trazatuak hasieran Urola ibaia gurutzatzen du eta ibaiaren eskuinaldean zehar doa. Bideak Landeta auzoaren herrigunetik jarraitzen du, eta Sistiaga eta Mandiola-Munategi ibarrak zeharkatzen ditu, 425m luze den tunelaren bidez. Saihesbideak 5.196m ditu, horietatik 946m Landeta ingurunean egokituko den zatiari dagokio – iparraldeko saihesbidean zati honen egokitzea ere aurreikusten da-, eta 31,5 milioi euroko (5.250 milioi pzta) aurrekontua du.

Bi proposamenetan obra garrantzitsuak egin behar dira. Honela, iparraldekoan bi zubi aurreikusten dira eta hegoaldekoan bat. Goiko eta azpiko pasabideei dagokienez, iparraldekoan bederatzi aurreikusten dira eta hegoaldean zazpi. Tunelak, berriz, bi iparraldeko sahiesbidean eta bat hegoaldean. Biribilguneei dagokienez, iparraldean hiru eta lotune bat aurreikusten dira Udalak proiektatutakoaz gain eta hegoaldean, aldiz, biribilgune bat eta lotune bat. Bi proposamenek ingurumenean izango duten eragina alderatuz, iparraldeko aukerak aldaketa handiagoa eragiten du paisaian, harizti bat kendu beharko da, etxebizitza gehiago bota, eta behar bada lurpeko uraren kalitatea txarragoa izango da. Hegoaldekoak, eragin txikiagoa izateaz gain sahisbidera errazago iristen da, zirkulazioa azkar banatzen da eta industrialdetik datozen ibilgailu astunen zirkulazia arintzen du.

Erakusketan bi proposamenak azaltzen dituzten informazio panelak, maketa, bideoa eta azterketa txostenak ikus daitezke. Bi hilabetez izango da jendaurrean Olazko Amaren Plazan, astelehenetik igandera, 11:00etatik 14:00etara goizetan eta 17:00etatik 21:00etara arratsaldetan.