Lagun Onak-en liburua orain Uztarria.com-en ikusgai

Uztarria.com 2002ko eka. 12a, 18:06

Lagun Onak Mendi Bazkunaren liburua Ziber-Artxiboa atalean da oso-osorik. Apiriletik ona Uztarria.com talde ezberdinekin biltzen ari da webgunea osatu asmoz, eta dagoeneko zazpi talderen informazioa jaso du, baita ere hainbat txosten eta liburu bat. Asmoa ahalik eta material gehien biltzea da.

Webgunean, sorreratik, taldeentzat tartea gorde zen Taldeak atalean, eta orain tarte hori betetzeari ekin diogu. Atal honek herriko taldeen eskaparatea izan nahi du, eta ondorioz edozein taldek izango du bere historia, kontaktua, helburuak, logotipoa edo argazkia biltzen dituen orria. Dagoeneko zazpi talderen informazioa jasotzen du Taldeak atalak.

Lan honekin batera, Ziber-Artxiboa atala ere betetzen ari gara. Azpeitiko herriarekin zerikusia duen edozein idatzi, artikulu, liburu edo bestelakoak du lekua atal honetan. Eta dagoeneko hainbat txosten, aldizkari eta liburu bildu ditugu, Lagun Onak M.B.ak argitaratutakoa azkena. Honela, Uztarriak pasa den urtean argitaratutako Joxe Urbieta Takolo eta Angel Otaegi-ren biografiez gain, orain Lagun Onak M.B.ren liburua ere hemen duzue ikusgai. Liburua taldearen 50. urteurrena ospatzeko argitaratu zuten 1996an, eta 50 urtetan mendi elkarteak egindako ibilbidea jasotzen da: hasiera, lokala, saninazioren estatua, aterbea, ibilaldiak, espedizioak...

Bete beharrekoa

Zuen taldearen berri webgunearen bidez emateko eta taldeak argitaratu dituen txosten, liburu edo bestelakoak on line jartzeko bidali zuen datuak (taldearen izena, noiz sortu zen, helburuak, egindako ibilbidea, azken urtean egindako lanak, taldeko norbaiten izen, abizen eta harremanetarako telefono edo e-posta) eta sareratu nahi duzuen materiala uztarria@uztarria.com-era.