Festa giroa larunbatean Lagun Onak Hirugarren Mailara igo dela-eta

Uztarria.com 2002ko mai. 28a, 18:05

Lagun Onakekoak eta futbol zaleak gustora dira taldea Preferenteko irabazle suertatu, eta datorren urtean 3. mailan jokatuko duelako berriro.

Larunbatean Lagun Onak futbol taldeak Hirugarren Mailarako igoera irabazi zuen Asti futbol zelaian Zarauztarrei 1-2 irabazi ondoren. Tentsioa azken uneraino luzatu zen, garaipena partida amaitzeko bost minutu falta zirela Poncek sartutako golak eman baitzien Lagunonakoei. Dena den, igoera ez zegoen beraien esku soilik. Izan ere Tolosa puntu berdinekin baina aurretik zuten sailkapenean, eta hauek lortutako emaitzak bazuen eragina. Gainera Zarautz-Lagun Onak norgehiagoka amaitu ondoren Tolosarrak partida berdinduta zuten eta oraindik norgehiagoka bukatzeko zegoen. Azkenean 1-1 egin zuten Hondarribiako taldearen aurka jokatutako partidan, eta horrenbestez Lagun Onak zen garailea.

Jose Luis Ribera, Lagun Onakeko entrenatzaiela gustora zen lortutakoarekin: "Zaila ikusten genuen, baina urte guztian egin dugu lan eta azkenean lortu egin dugu. Gainera, azken uneak ez zeuden gure esku, eta zain egon ondoren lortu egin dugu".

Lagun Onakeko jokalariak garaipena eta Hirugarren Mailarako igoera ospakisunak Astiko zelaian eta aldageletan hasi zituzten. Eta Azpeitira itzuli zirenean herritarren harrera ere izan zuten, Sindikatu Zaharreko balkoira igo ziren Lagunonakoak.