Lagun Onak-ek Hirugarren Mailako txartela jokoan larunbatean, Zarautzen

Uztarria.com 2002ko mai. 20a, 17:05

Azken jardunaldi erabakigarria jokatuko da larunbatean futboleko Preferente mailan, Tolosa edo Lagun Onak Hirugarren Mailara igoko direlako. Biak berdinduta daude, baina gol aldea tolosarren alde dago.

Tolosa aurrena, 73 punturekin, eta Lagun Onak bigarrena, puntu beraiekin. Horrelaxe daude kontuak Preferenten. Jardunaldi bat baino ez da falta eta aurrena geratuko dena igoko da zuzenean Hirugarren Mailara; hain zuzen ere, larunbat honetan jokatuko da azken jardunaldia. Lagun Onak-ek Zarautzen jokatuko du arratsaldeko bostetan eta Tolosak, berriz, Hondarribian. Teorian, azpeitiarrek partidu zailagoa dute, bosgarren tokian baitago Zarautz, eta hamargarren Hondarribia.

Lagun Onak-ek gutxienez Tolosak baino puntu bat gehiago lortu beharko du, bi taldeen arteko gol aldea Tolosaren aldekoa delako: Azpeitian jokatu zen partiduan 2-3 irabazi zuten tolosarrek, eta, bigarren itzulian, 1-1 egin zuten. Bigarren sailkatuta geratuko denak, promozioa jokatuko du. Joan den asteburuan jokatu zen azkenaurreko jardunaldia. Lagun Onak-ek erraz gainditu zuen larunbatean Aretxabaleta, Garmendipen: 4-0. Behin-behineko lider jarri zen, Tolosak hurrengo egunean zuelako partidua; baina 3-2 irabazi zuen Pasajesen kontra.