Aratz Errekan San Isidro jaiak

Uztarria.eus 2002ko mai. 15a, 13:05

Gaur, San Isidro egunez, Aratz Errekako jaiei hasiera emango zaie. Goizean goiz txupinazoarekin ekin die jaiei eta 12:00etan herri meza izango da. 14:30etan herri bazkaria izango dute Aratz Errekakoek. Eta afaria ere elkarrekin egingo dute gaurkoan, 21:00etan izango baita afaria eta ondoren mami-jana. Ondoren, Andoni Larrañaga eta Jon Ansorregi trikitilariekin dantzaldia izango da.

Baina, ez dira San Isidro egunera mugatuko Aratz Errekakoak jaiak ospatzeko. Larunbatean, maiatzaren 18an Gazteen Eguna ospatuko baitute. 08:00etan txupinazoarekin egingo diote Gazteen Egunari Aratz Errekan. 09:30ean Izazpi-Paotxeta- Samiño mendi ibilaldia izango da eta 13:00etan bertso-pilota saioa izango da azoko frontoian. Auzoko gazteak arituko dira pilotan eta bertsotan, berriz, Leire Ostolaza eta Beñat Lizaso bertsolari gazteak. Arratsaldeko ekitaldien artean 15:30ean mus txapelketa izango da eta ondoren arrautza egosi jana.

Herri afaria 21:00etan izango da, eta afalondoan Jon Ostolaza eta Unai Andoni trikitilariak eta Beñat Lizaso eta Leire Ostolaza bertsolariak arituko dira, Joxe Agirre Oanda gai jartzaile dutela, giroa animatzen. 02:30ean, Aratz Errekako San Isidro jaiei eta Gazte Egunari amaiera emateko baratzuri zopa banatuko da.