Garmendipeko futbol zelaia norentzat?

Ikasberri futbol taldeko kideak 2002ko mai. 10a, 11:05

Jakina da Azpeitian futbol zelai ederra dugula, eta bat baino gehiagorentzat arrotzeko arrazoi bat ere badela. Baina beste gauza bat da norentzat den hain zelai ederra.

Udalak orain gutxi gazteentzako aisi lekuetako bat bezala aurkeztu du herriaren aurrean, baina hori ezta errealitatera hurreratu ere egiten. Futbol zelai hori Lagun Onak Futbol Taldearentzat bakarrik da eta hori urte osoan pairatu dugu Ikasberri Futbol Taldeko partaideok.

Astea joan, astea etorri zelai eder horri begiratu eta bere alboan dagoen ondarrezko (harri eta hauts) futbol "toki" horretan jolastu behar izan dugulako, talde aurkariaren betiko galdera entzunaz: "Horrelako futbol zelaia eduki eta nola jolasten duzue zuek hemen?".

Gure galdera ere horixe bera da eta tokatzen zaionari luzatzen diogu galdera hori. Gure ustez Lagun Onak ainako eskubidea dugu futbol zelai horretan jolasteko, herriarena da futbol zelai hori eta gu ez al gara herritarrak? Egia da ez dugula 3. Mailan edo Preferente mailan jolasten baina gure ilusioak eta gogoak maila guztiak gainditzen ditu.

Aurtengo denboraldian, gehienez astean hiru partidu jolastu dira Garmendipen eta horrelako zelai bat izanik iruditzen zaigu probetxu gehiago atera dezaiokegula. Ez dugu beste munduko ezer eskatzen ez dugu bertan entrenatzea eskatzen, astean edo bi astean behin pare bat partidu jolastea eskatzen dugu.

Beraz guzti hau esanik eta gauzak argi utziz, Ikasberriko futbol taldeak esan nahi du hurrengo urtean gure eskubidea den lez, Garmendipeko futbol zelaian jokatuko ditugula gure neurketak. Ez zaigulako horren zaila iruditzen akordio batera heldu eta Lagun Onak eta Ikasberri taldeek, biek, Garmendipeko futbol zelaian jokatzea beraien partiduak.