XX. Euskal Antzerki Topaketetako kartel lehiaketa ireki da

Uztarria.eus 2002ko api. 30a, 15:04
1983. urtetik urtero antolatu dira Euskal Antzerki Topaketak

XX. Euskal Antzerki Topaketetako kartel lehiaketa ireki du Azpeitiko Udaleko Kultura Batzordeak. Azpeitian urtero egin ohi diren Euskal Antzerki Topaketak direla eta, edizio bakoitzerako kartel lehiaketa bat antolatu ohi da.

Kartelak aurkezteko epea ekainaren 20a artekoa da eta epaimahaiaren erabakia berriz, uztailaren amaieran jakinaraziko da. Saria, berriz, 901 eurokoa izango da.

Kartel Lehiaketaren oinarriak aurtengo edizioan honakoak dira: Nahi duen edonork parte hartu dezake kartel lehiaketan eta partehartzaile bakoitzak gehienez hiru lan aurkezteko modua du. Edozein teknika edota materialez egin daitezke eta 450 mm. zabal eta 680 mm. altuko neurria izan beharko dute kartelek. Originalak izan beharko dute, hau da, argitaragabeak eta norberak sortutakoak. Kartelak edizio bakoitzari dagokion izenburua eramango dute goiburuan. Sinatu gabe aurkeztuko dira eta aparteko kartazal batean jarriko dira egilearen datuak (jaiotze data, Nortasun Agiriaren zenbakia, herria, helbidea eta telefonoa). Lanak berriz, Azpeitiko Udala- Kultura Saila, Enparantza Nagusia,5. 20730 Azpeitia helbidera bidali behar dira.

Lehiaketara aurkeztutako lan guztiak jendaurrean jarriko dira Azpeitian, Udaleko Kultura Batzordeak antolatuko duen erakusketa batean, deialdiaren epea amaitu ondoren eta epaimahaiak bere erabakia eman aurretik. Ondoren sarituko den lana berriz, Azpeitiko Udalaren jabetzan geldituko da eta honek Antzerki Topaketetako edizio bakoitzaren garapena sustatzeko edo egoki iritzitako erabilera eman ahal izango dio, Kultura Batzordearen esanetan, kartel irabazlea "bihurtuko baita edizio bakoitzaren sustapenerako oinarrizko ardatz".

1983tik antolatzen dira Antzerki Topaketak 1983an antolatu ziren aurrenekoz Azpeitian Euskarazko antzerkiaren topaketak eta orduzgero urtero antolatu dira. Gaur egun, antzerki profesionala, antzerki amateurra, eskola antzerkia, familia antzerkia, omenaldiak, liburuak eta irrati-lehiaketak osatzen dute Euskal Antzerki Topaketak.