Euskal Herriko Nortasun Agiria Azpeitian

Azpeitiko Batasuna 2002ko api. 20a, 17:04

Azpeitiko Batasunak herritarrei dei berezia egiten die datorren asteazkeneko ezohiko plenora Sindikatu Zaharrera azal daitezen.

Azpeitian Euskal Herriko Nortasun Agiria (EHNA)martxan jartzea eztabaidatzeko Udaletxeko Pleno Berezia egingo da datorren asteazkenean, apirilak 24, Sindikatu Zaharrean eguerdiko 13:15etan. "Bai euskal Herriari" taldearen ekimenez eta eskariz alde batetik eta Batasunako zinegotziek alkateari hala eskatuta bestetik, datorren asteazkenean egingo den udalbatza berezian "Euskal Naziotasuna aitortzeko agiria arautuko duen udal araudiari buruzko mozioa" eztabaidatuko da.

Pleno berezi horretan Naziotasun aitorpena eta Euskal Herriko Nortasun Agiria (Karneta) Azpeitian egin ahal izateko bideak eztabaidatuko dira. Gaiak duen garrantziagatik eta herritarrek euskal naziotasuna aitortzeko eskubidearen aurrean behin baino gehiagotan erakutsi duten gogoa eta grina aintzakotzat hartuta Azpeitiko Batasunak herritar guztiei dei berezia egin nahi die, ahal duten guztiak, apirilak 24an, Sindikatu Zaharrera azal daitezen eguerdiko 13:15etan.