Euskal Eskola Nazionalaren aldeko eguna Azpeitian

Elias MEndinueta (Ikasberri, Azpeitiko Ikastolako Lehendakaria) 2002ko api. 18a, 12:04

EUSKAL Herriko ikastolen elkartean biltzen diren bost lurraldeetako ikastola bana datoz Azpeitira hil honen 21ean, elkarrekin Euskal Eskola Nazionalaren eguna ospatzera. Hain zuzen ere, Arabatik: La Puebla de Labarkako Assa ikastola. Bizkaitik : Leioa-Getxoko Betiko ikastola. Iparraldetik : Hazparne ikastola. Nafarroatik: Tuterako Argia ikastola eta Gipuzkoatik : Ikasberri, Azpeitiko ikastola.

Ekitaldi xumea izango da. Ez jendetza haundirik ez izen haundirik. Ikastolen familia girokoa. Sinbolikoa, baina bakoitzaren eguneroko lanean mamitzen den sinboloz betea. Arbolan heldutako sagarra zuzenean jaso eta jaten denean modukoa. Itxura handirik ez baina gusto ederrekoa.

Ikasberriko Hau da! kultur elkartearen ekimena izan da hau. Ikastolari eusteko apostua egin genuenetik argi izan dugu Ikasberrikoek zer nahi dugun eta ekitaldi hau ere horren inguruan ulertzen da.

Kilometroak 2000 antolatu genuenean, euskal hezkuntza nola interpretatzen genuen azaldu genuen eta berriro gogora ekarri nahi dugu gaur. Ozenki azaldu nahi dugu gure erreferentzia ez dela PPren kalitatearen legea kritikatuz geldituko zaiguna. Ikastolok aspalditxotik ari gara naziogintzan, gure eguneroko lanean. Euskal Eskola Nazionalaren bidea egiten ipintzen ari gara aspaldidanik gure indarrak.

Euskal Herriak, bere nortasuna bermatzeko, herri guztiak bezala bere eskola nazionala behar du gure ikasleak justizia eta askatasun baloreetan heziko dituen eskola. Justizian beraien artean diferentziak egin gabe bakoitzari zor zaiona begirunez eskainiz. Eta askatasunean etorkizunari burua altxatuta begiratzen ikasi dezan txikitatik, inoren eta ezerren menpekotasunik onartu gabe.

Estatu espainolean erreforma politikoa ipini zenean eta ondorengo garapenean, beti zaindu izan dute estatuko biztanle guztien espainoltasuna bermatzea. Autonomia Estatutoen bitartez zenbait ahalmen ematen joan dira, beti ere, espainoltasuna kuestionatu gabe gelditzen zela zainduz.

Gobernu espainola eta frantsesa gero eta ausartagoak izaten ari dira beraien nortasuna bermatzeko mekanismoak eta jarrerak inposatzerakoan. Eskola eremuari dagokionez, argi ikusi bagenuen Erkidegoko Euskal Eskola Publikoaren legean, zer esanik ez, PPren eskutik ondoren etorri diren dekretu eta legeetan.

Euskaldunok behin eta berriz egiten dugun oposizioa, bi gobernu horiek markatutako eskubiaren eta ezkerraren markoan kokatu izan dugu. Geure nortasunetik egiteak onura gehiago ekarriko dizkigu, seguru. Geure nazio kulturala sustatzen, badugu zeregina, nazio politikoa errekuperatzen egiten dugunarekin batera.

Ikastolok gure bidetik joan nahi dugu eta hori Ikasberritik bi eratara interpretatu dugu. Alde batetik, ikastolok sorreratik egindako lan guztien emaitzak Administrazioaren esku ez utzita. Horregatik Erkidegoko 1993ko Euskal Eskola Publikoaren legea alde batera uztea erabaki genuen. Ikastolen izaerari eustera bultzatu gaituen beste arrazoi bat ere badugu. Hain zuzen ere ikastolaren barruko aldaketa eragitea da. Eta guraso bezala interes nagusiena gure seme-alabak direnez, aldaketaren erronka nagusia beraiek tratatzeko eran oinarritzen dugu.

Hori da PPren kalitate legearekin daukagun beste diferentzia nagusia. Bat euskal nortasuna bermatzearena bada, bestea bertako ikasleak, etorkizuna burua altxaturik, bere buruaren jabe izaten ikastea da, menpekotasuneko jarrerak baztertuz.

Ikastolok, herritarren errekonozimendua badugu eta momentua oso egokia da geure politiko abertzaleengandik ere, ikastolak, euskal eskola nazionalaren abanguardia bezala tratatuak izateko. Begirune eta duintasuneko tratamentua zor zaio naziogintzan dabilen edonorengandik. Hori guztiagatik, dira, oraindik, beharrezkoak ikastolak Euskal Herrian.