Jostaldi hirugarren sailkatuaren aurka lehiatuko da ostiralean

Azpeitiko Areto Futbol Taldea 2002ko mar. 13a, 21:03

Jostaldi Kirolakek benetan partida garrantzitsua jokatuko du asteburu honetan etxean. Izan ere, aurkari bezala sailkapenaren hirugarren postuan aurkitzen den Irizar taldea izango baitu. Azpeitiarrak laugarrenak dira eta, beraz, garaipena lortzea ezinbestekoa izango dute, igoera postuetatik urrundu nahi ez badute behintzat. Partida arratsaldeko 20:00etan hasiko da herriko kiroldegian.

Azpeitiko areto futbol taldeak denboraldiko partida garrantzitsuenetako bat jokatuko du datorren ostiral arratsaldean etxean. Aurrean igoera postuengatik lehian sailkapeneko hirugarren tokian aurkitzen den Ormaiztegiko Irizar taldea izango du. Azpeitiarrak, laugarrenak dira, aipatu taldearengandik zortzi puntura. Beraz, Jostaldik ezinbestekoa izango du garaipena lortzea. Joaneko partidan, azpeitiarrak 1-3 nagusitu ziren Ormaiztegin. Dena den, oraingo honetan emaitza berbera lortzea ez da hain erraza izango, liga amaitzeko partida gutxi falta baitira. Partida arratsaldeko zortzietan hasiko da eta areto futbol taldeak, dei berezi berri bat egin nahi izan die azpeitiar kirolzale orori taldea animatzera joan daitezen.