Jende asko asteburuko kultur ekitaldietan

Uztarria 2002ko mar. 10a, 21:03
Uztarriaren I. Kulturaldia datorren asteburuan bukatuko da

Ostiralean, larunbatean eta igandean Uztarria Kultur Koordinadorako taldeek antolatutako ekitaldietara jende asko hurbildu zen

Ostiral iluntzean Aitonenako hitzaldi aretoa bete egin zen, Ibiltarixanak ikuskizuna ikusteko. Jose Luis Otamendi eta Iñigo Aranbarri poetek, Bide Ertzean musika taldekoak lagun zituztela, XX. mendeko poesiaren ibilbidea egin zuten ordubete pasatxon. Ondoren, Petti bakarlari nafarrak kantu batzuk jo zituen.

Larunbatean ‘Diapoesia: ikusteko poemak eta entzuteko irudiak’ emanaldia eskaini zuten herriko hiru poeta gaztek, Orkatz Kultur Elkartean. Musika, poesia eta diaporama nahasten ditu ikuskizun horrek, originaltasun handiz. Jende mordoxka egon zen hiru gazteen poemak adi-adi entzuten, gustura. Poetak beraiek ere gustura sentitu ziren, "dena eman eta gero", bukatu orduko esan zutenez. Aurretik, herriko plazan txalaparta giroa nagusitu zen, Hau da! Kultur Elkarteak antolatuta. Txalapartajole batzuk han izan ziren, eta jotzen ikasteko aukera ere izan zen.

Igandean, bukatzeko, herritar mordoa hurbildu zen plazako Artisautza Azoka ikustera. Alde Zaharreko Zaharra Berri elkarteak antolatuta, eta Uztarria Kultur Koordinadoraren kulturaldiaren barne, artisau mota desberdinak lanean aritu ziren. Besteak beste, keramika, ikurrak, irudiak, xareak, otargintza, forjak, lora lehorrak, egur transformazioa, larrugintza, egurrezko kateak, kaikugileak, bastoiak, pilotak, harri txikiak, bitxiak eta zurezko jostailuak nola egiten ziren ikusteko eta ikasteko aukera izan zen. Gainera, haurrek ere gozatzeko parada eduki zuten.

Datorren astean bukatuko da Uztarriaren I. Kulturaldia, AEKren urteroko txotxarekin. Txotxa berdura plazan izango da, larunbatean, 20:30ean. Bezperan, ostiralean, Os Gallardos taldea kontzertua emango du Korrale tabernan, 23:00etan, eta asteazkenean Justizia administrazio euskaldunaren alde izeneko hitzaldia eskainiko du Aitor Idiakez abokatuak, EHEk antolatuta, 20:00etan Aitonenan.